Langabezia «akaso» 2012an murrizten hasiko dela esan du Euskadiko Kutxak
GARA |
Datorren urtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren hazkuntzak «bultzada» izango duela uste du Euskadiko Kutxak. Zehazki, ekonomia Barne Produktu Gordinaren (BPG) %1,36 haziko dela aurreikusi du erakunde honek. Hala ere, hazkuntza hori ez da nahikoa izango langabezia tasa nabarmen gutxitzeko eta 2011n populazio aktiboaren %9,4ren bueltan ibiliko da langabeen kopurua.
Halaxe adierazi zuten atzo prentsa aurrean Euskadiko Kutxako arduradunek, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako egoera ekonomikoari buruz erakundeak egin duen azterketaren aurkezpenean. Euskadiko Kutxako Ikerketa saileko zuzendari Joseba Madariagak adierazi zuenez, euren kalkuluen arabera, aurten %0,24 haziko da ekonomia, 2009an %3,3 murriztu ostean.
Aurrera begirako kalkuluetan ordea, oraindik ekonomiari eragiten dioten «zalantza ugariak» ez dituztela aintzat hartu ohartarazi zuen. Hala ere, gaur egun «trantsizio» egoeran gaudela esan zuen Madariagak, hain zuzen, langabezia gutxitzeko aukera emango duen hazkuntza tasara iristeko bidean. Balizko egoera hori «akaso» 2012. urtean iritsiko dela ere aurreratu zuen. Hala, Madariagaren arabera, produktuei dagokionean krisia amaitu da jada, lan merkatuari dagokionean berriz, «oraindik urtebete baino gehiago falta da langabezia tasak jaisten joan daitezen».
Nafarroari dagokionean, herrialde honek izan duen hazkuntza ekonomiko «oso garrantzitsua» azpimarratu zuen. Euskadiko Kutxaren aurreikuspenen arabera, BPGren %1,15 haziko da Nafarroako ekonomia aurten, eta %1,52 datorren urtean. Langabezia tasa berriz, %11,2n kokatu dute aurten eta 2011rako, %10,6n.
Bestalde, Estatu espainoleko ekonomia, Euskadiko Kutxaren kalkuluen arabera, BPGren %0,22 haziko da aurten, eta %0,94 datorren urtean. Langabezia tasa %19,9an kokatuko da urte bukaeran eta %19,6ra jaitsiko da 2011n.
Erreformak, beharrezkoak
Gobernu espainolak burutu duen lan erreformaz ere mintzatu zen Madariaga eta «ziurrenik» epe motzean ez, baina bai epe ertainean lan merkatuaren funtzionamendua hobetuko duela esan zuen. Pentsioen sistema publikoaz, berriz, epe ertainean ekonomia espainolarengan sinesgarritasuna sor- tzeko beharrezkoa den beste erreformetako bat dela baieztatu zuen.
Euskadiko Kutxako Negozio saileko zuzendari Xabier Egibarrek Europa hartu zuen hizpide eta instituzioen erreforma defendatu zuen, hala, kontu publikoen kontrol hobea nahiz politika ekonomikoen koordinazio handiagoa lortzeko.