Hauteskundeak irabazi ostean, LAB sindikatua lehen indarra da ETBn
A.Z. |
LAB sindikatua lehen indarra da jada Euskal Telebistan (ETB). Halaxe jakinarazi zuen sindikatuak atzo, eta arlo publikoan orokorrean izaten ari den gorakadaren baitan kokatu zituen ETBko emaitzak. Hauteskunde sindikalak irabazi egin ditu LABek Miramonen, eta Bilboko egoitzan sei botoren faltan gelditu da lehen indarra izateko.
Batetik, balorazio politikoa eskaini zuen LABek, eta langileek «zuzendaritza berriaren eta aurrekoen jokabidea salatzerakoan» sindikatu abertzaleak izan duen «koherentzia» babestu dutela baieztatu zuen. Hala, «garbi gelditzen da zeintzuk diren ETBko langileek babesten dituzten tesiak», esan zuen. Era berean, langileek zuzendaritzari eta hainbat alderdi politikori ohartarazpen «zorrotza» egin dietela adierazi zuen. Ikuspegi sindikalari eutsiz, LABen emaitzak ez dira zorte kontua izan, eta «bakoitzak bere uzta» jasotzen duela esan zuen.
ETBn lorturiko emaitzek orain arte egindakoak eta hartutako konpromiso eta erronka berriak aurrera eramateko indar handia eman dietela ere baieztatu zuen sindikatuak. Hala ere, lan guztiaren zama LABek bere gain hartu behar duenik baztertu zuen, eta sindikatuen arteko ekintza batasuna defendatu zuen. LABen hitzetan: «Sindikatuok tresna baino ez gara, langile guztiok gara arduradun eta borrokatu behar dugunak».
Hala, borrokan jarraitzeko beharra azpimarratu zuen: «Laster erronka berriak etorriko dira, bai ETBko langileentzat zein Euskal Herri osokoentzat».