Anzaren auziko zalantzak argitzeko liburua atera dute
«Jon Anza ¿el último crimen de estado?» liburuan auziari buruzko ikerketetan lortutako informazioa biltzen da. Idazleen ustez, Anzaren gorpua lehenago ez zen agertu, baten bati ez zitzaiolako komeni.Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Joseba Zinkunegi eta Juan Jose Petrikorena kazetariek Jon Anzaren auziari buruzko liburua aurkeztu zuten atzo Donostian. Mikel Sotok, Txalaparta argitaletxeko editoreak, azaldu zuen gizarteak Anzarekin zer gertatu zen jakin nahi duela eta zalantza horiek argitzeko «Jon Anza ¿el último crimen de estado?» liburua argitaratu dutela. Aurkezpenean Anzaren neskalaguna, Maixo Pascassio, eta arreba, Anabel Anza, izan ziren.
Zinkunegik azaldu zuenez, liburuan bi zati daude. Alde batetik, Jon Anzaren biografia kontatzen da, jaiotzetik desagerpenaren unera arte. Preso ohiaren bizitzan garrantzitsuak izan ziren hiru daten arabera, bi aldi nabarmentzen dira, 1962an jaio zenetik, 1982an atxilotu zuten artekoa, eta ordutik 2002an askatasuna lortu zuen artekoa. Bigarren zatiak, bestalde, auziarekin zerikusia duen informazioa dakar, ikerketen bidez lortu ahal izan dutena.
Jarrera ofiziala, «ke-gortina»
Zinkunegik adierazi zuenez, Anzak 1962. eta 1982. urteen artean Donostiako Intxaurrondo auzoan bizitza «normaltasunez» igaro zuen, diktadura frankistak tartean harrapatu arren.
1982an, 20 urte zituela, atxilotu egin zuten, eta 20 urte eman zituen kartzelan. Bertan ez zuen denbora alferrik galdu, eta euskara eta ingelesa ikasi, Kazetaritza ikasketak amaitu eta alde artistikoa landu zuen. Urte horietan estatu espainoleko kartzela askotan izan zuten, eta euskal preso politiko ugariren lagun egin zen.
2002an askatu zuten. Berarentzat beste guztiaren gainetik Euskal Herriaren aldeko borroka zegoen. Askatasunan militante hasi zen. Bere askatasunaz gozatzen pasatu zituen urte batzuk, 2009an desagertu zen arte.
Liburuan aipatzen diren ikerketen ondorioak laburbildu zituen Petrikorenak. Azaldu zuenez, 2009ko apirilean Anzak tren bat hartu zuen, baina ez zen itzuli. Hamaika hilabeteren buruan, bere gorpua agertu zen Tolosako ospitale batean. Ondoren, jakin izan zuten desagertu eta hamaika egunetara konortea galduta agertu zela kalean, eta ospitale horretan izan zutela, bertan hil zen arte.
Liburuaren egileen arabera, auziaren gakoa desagertuta izan zen hamaika egun horietan dago, arrazoiren bat egon behar delako ikerketek egun horietan ez sakontzeko.
Kazetarien iritziz, ikerketak «ke-gortina besterik ez ziren izan ildo batetik jo zutelako, proposatzen zen besteari jaramonik egin gabe», eta haren gorpua lehenago aurkitu ez bazuten, gobernuari komeni ez zitzaiolako izan zen.