Haurrek DBH amaitzean euskara maila egokia izatea du helburu Kontseiluak
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatutako hezkuntzaren inguruko bosgarren jardunaldiari Paul Bilbaok eman zion hasiera. Hezkuntza ereduak aztertu zituen bertan, eta nabarmendu zuenez, D eredua da euskara ondo ikastea ahalbidetzen duen bakarra.Nagore BELASTEGI |
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hezkuntza arloko bosgarren jardunaldiak egin zituen atzo Donostiako Miramar jauregian. Bertan hizkuntza-normalizaziorako zenbait proiektu aurkeztu zituzten, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Neus San Martik arlo horretan duen esperientzia partekatu zuen.
Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, gizartea euskalduntzeko garatu duten proposamena aurkeztu zuen, «Euskara biziago ikastetxeetan, hizkuntza-normalizaziorako proiektuen bidez» jardunadian. Horretarako derrigorrezko hezkuntza bukatzen dutenek euskara maila egoki bat izan beharko lukete, eta hori lortzeko, legeak aldatu behar direla uste du.
Bilbaok azaldu zuen proposamena garatzeko zenbait urrats eman dituztela. Alde batetik, egoeraren azterketa juridiko-legala egin dute, bestetik, azterketa soziolinguistiko, psikolinguistiko eta pedagogikoa, eta azkenik, azterketa operatiboa.
Pauso horiek ematean kon- turatu ziren Euskal Herriko eskoletako irakasleen %60-65 euskaldunak direla, horiek euskalduntzen inbertitu delako, eta Kontseiluko idazkari nagusiak nabarmendu zuen ez duela ulertzen nolatan izan daitekeen irakasle elebakarrak kontratatzen jarraitzea.
Horrez gain, ereduei buruz mintzatu zen. Kontseiluaren ustez, eredu bat baino gehiago izatean gizartea zatitzeko arriskua dago, eta horrek ez dio kohesioari mesederik egiten. Bilbaok baieztatu zuen D eredua dela euskara modu eraginkorrean ikastea ahalbidetzen duen bakarra, eta gainera, gero eta jende gehiagok egiten du hautu hori.
Konstituzioak dio hizkuntza bat ofiziala bada ikasi egin behar dela. EAEn gaztelaniarekin batera euskara ofiziala denez, biak ikasteko aukera ematen duen ereduaren aldeko apustua egiten du Kontseiluak. «Eredu anitzek kohesioa apurtzen dute, beraz, eredu bakarra ezartzea da onena, orain printzipio ez konstituzionala ematen ari baita», adierazi zuen idazkari nagusiak. Azaldu zuenez, hizkuntza maila egokia zein den zehazten duen legerik ez dago, beraz, Kontseiluaren arabera, legeak aldatu egin behar dira.
Azterketa egiterakoan atera duten beste ondorio bat da euskara berreskuratzea ez dagoela ikastetxeen esku. Bilbaok aitortu zuen hezkuntza sistemak zeresan handia duela arlo horretan haurrak euskalduntzen badira, belaunaldi berriekin batera, gizartea ere euskaldunduko delako. Hala ere, haur eta gazteek euskaraz ondo jakin arren, ez badute erabiltzen ez da gehiegi aurreratzen, eta horregatik, erabilera espazioak garatzea beharrezkoa da.
Euskara ikasgai guztietan
Jardunaldietan parte hartu zuten irakaskuntzako profesionalen aurrean proposamena aurkeztu ondoren, euskararen erabilera sustatzeko balio duten programak biltzen dituen liburua ezagutzera eman zuen Kontseiluak.
Arratsaldean Neus San Marti Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak «Konpetentzia komunikatiboen lanketa ikastarlo guztien bidez» hitzaldia eman zuen, eta ikastetxe batean garatu daitekeen esperientziaren adibidea eman zuen. Irakaslearen esanetan, hizkuntzaz aparteko ikasgaietan, gai horretako hiztegia eta kontzeptuak barneratu behar dira.
Paul Bilbaok ere ideia hori bera azpimarratu zuen, esanez ez dela nahikoa hizkuntza bat curriculumeko ikasgai izatea ikasleek hizkuntza hori behar bezala ikasteko. Gainerako ikasgaiak ere kontuan hartu behar dira eta hizkuntza hori irakas-hizkuntza gisara erabili.
Euskara ofiziala den eremuetan irakasleak euskalduntzeko inbertsio handiak egin behar izan dira. Ulergaitza da gaur egun ere irakasle elebakarrak kontratatzen jarraitzea.