SOKATIRA Lauko finala
Berriozarren banatuko dira aurtengo azken txapelak
Ibarrako taldea izango da mutiletan garaipena lortzeko faboritoa. Nesketan ligaxka ari dira jokatzen, eta Amaiurrek lehen postua ia-ia segurtatuta dauka.
Jon LEUNDA
Bukatzera doa lauko sokatira lehiaketa. Azken ekitaldia jokatuko da gaur, Berriozarren, bertako kiroldegian, 17.00etatik aurrera. Bertan mutilek 300 kilokoan finala jokatuko dute, eta neskek, berriz, 250 kilokoan izango dute azkeneko ekinaldia.
Mutiletan ezuste handi samarra izango da Abadiño ez ikustea. Bizkaitarrak azkeneko urte hauetan jaun eta jabe izan dira bai laukoan, bai zortzikoan, baina oraingoz laukoa txapelik gabe amaituko dute. Lehen pisuan finalean izan ziren, baina ez zuten garaipenik lortu, eta honakoan ez dira finalean sartu ere egin.
Ibarra A eta Ibarra B, Amaiur A eta Amaiur B, Sokarri B eta Berriozar izango dira lehian arituko diren taldeak. Orain artekoa ikusita, Ibarra da garaipena lortzeko faboritoa. Aurten jadanik txapel bat jantzi dute, eta horrek bigarrena lortzeko ere faborito jartzen ditu. Adituen ustez, Amaiur izango omen dute aurkari nagusia. Dena dela, saio batera jokatuko da, eta gaur arratsaldean erabakiko da gizonezkoetan zeinek eramaten duen bigarren txapela.
Emakumezkoetan, berriz, ligaxka ari dira jokatzen. Jadanik bi jardunaldi jokatu dira, eta gaur izango da azkena. Amaiur, Ibarra A, Ibarra B, Badaiotz, Basaburua-Imotz eta Berriozar izango dira gomaren gainean sokari tiraka arituko direnak.
Orain arteko bi jardunaldiak Amaiurrek irabazi ditu, eta ezeren okerrik ez dela, txapela beraiek eramango dute. Nesketan orain arte Badaiotz izan da jaun eta jabe bai laukoan, bai zortzikoan, baina badirudi oraingoan ezingo duela lehen postua eskuratu.
Izan ere, borroka bigarren posturako dago Ibarraren eta arabarren artean. Berdinduta daude, eta gaur gailentzen denak aurre hartuko dio besteari, lehen postua biek ere oso zaila baitute. Amaiurrek azken postuan geratu beharko luke, eta orain artekoa ikusita horrek oso zaila dirudi.
Taldekako gizon-probak
Data hauetan urtero Zumarragan jokatzen den taldekako gizon-proba lehiaketak sona handia hartu du, eta hartzen jarraitzen du, nahiz eta aurten lehen ekitaldian bezalaxe, bi talderekin bakarrik jokatuko den.
Bihar, 12.00etatik aurrera Zumarragako plazan neurtuko dira Zumarraga eta Urretxu. Azkeneko urte hauetan Legazpi eta Ezkio-Itsaso ere lehiatu izan dira, baina bi talde hauei aurten jendea falta zitzaiela-eta, ez parte hartzea erabaki dute, eta bi talderen arteko lehia geratuko da. Dudarik gabe, bi talderen falta handia da, baina hala ere ez da girorik faltako, kontuan hartuta Zumarraga eta Urretxu izango direla aurrez aurre.
Talde bakoitza hamabi lagunek osatu beharko dute, eta 1.000 kilotan sartu beharko dute. Talde bakoitzeko tiratzaileek ordezkatuko duen herrian egon beharko dute erroldatuta, baldintza hori ere ezinbestekoa izango da. Taldeen pisaketa, berriz, goizean, 9.00etatik 10.00etara egingo da. Talde bakoitzak 20 minutuko txanda bat izango du, eta 36 metro neurtzen dituen plazari ahalik eta itzulirik gehien egitea izango da helburua. Saioa hasi aurretik idi pare bat arituko da harriari tiraka, plaza berotzeko asmotan.
Ez da izango asteburuko taldekako gizon-proba lehiaketa bakarra. Izan ere, gaur 22.30ean, Zumaiako arraunlarien eta Zestoako gazteen arteko desafioa jokatuko da Zestoako probalekuan. Talde bakoitzean zortzi tiratzaile arituko dira, 650 kiloan sartu beharko dute, eta 800 kiloko harriari tiraka arituko dira 20 minutuan. Alde bakoitzak 5.000 euro jokatuko ditu eta sarrerak 10 euroko salneurria du.
Goma gainean azken urte hauetan jaun eta jabe izan dira Abadiño, mutiletan, eta Badaiotz, nesketan, baina badirudi hori aldatzera doala. Bizkaitarrek ez dute dominarik lortuko, eta arabarrek, berriz, bigarren postua dute jokoan.