GARA > Idatzia > Kultura

Imanolen abestiak bertsionatu dituzte hainbat lagunek «Imanol, Donosti Tombuctu» diskoan

Abeslariari omenaldia egiteko helburua duen diskoan estilo eta jatorri askotako hogei artistek parte hartu dute. Imanolen abestien bertsioak moldatu dituzte, «belaunaldi berriei ere haren musika gerturatzeko».

p048_f01_96x100.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Sentibera zegoela onartu zuen hizketan hasi aurretik. Amaia Zubiriari, atzo, «Imanol, Donosti Tombuctu» diskoaren aurkezpenean ahoa ireki bezain pron- to, malkoak isuri zitzaizkion. Arrapaladan irristatu ziren bi masailetatik behera. «Ez zait gustatzen -onartu zuen-, hildakoengatik loreak eta laudorioak egitea, horiek guztiak bizirik gaudenean egin behar baitira». Ezin izan zuen ezer gehiago erantsi.

Lanak diskoa eta DVDa dakar. Lehenengoak hemezortzi abesti biltzen ditu, Imanolek (1947, Donostia- Orihuela, 2004) musikari gisa egin zuen ibilbidean sortutakoak. Abestiak, ordea, bere lagunak izandakoen ahotsekin kantatuak izan dira, omenaldia izateko helburuaz. Proiektuan hogei lagun eta musikari inguruk hartu dute parte, besteak este, Amaia Zubiria berak, Xabier Euzkitzek, Maria Berasarte donostiarrak, Aurora Beltranek, Luis Eduardo Autek edota Joao Alfonso portugaldarrak. Nahasketa eta aniztasun hau nahita bilatutakoa izan dela argitu zuen atzo proiektuaren bultzatzaile den Jose Mari Alemanek, «Imanol horrelakoa zelako, zeharkakoa. Edonon zituen lagunak».

Iñaki Zabalak egindako DVDak berriz, diskoaren grabaketa nolakoa izan den kontatzen du. Halaber, Clara Lopez Rubiok 1999. urtean egin zuzen «Aurora» film laburra erantsi zaio, hain zuzen, Imanol izan baitzen filmaketa horren protagonista nagusia.

Imanol kantaria omentzen duen lana aurkezteko beste partaideetako batzuk ere bertaratu ziren, hala nola Xabier Euzkitze kazetaria, Maria Berasarte donostiarra, baita Suburbano taldeko Fernando eta Luis ere. Batzuek lagun mina zuten Imanol eta, beste batzuek, Berasartek bezala, «Imanol Donosti Tombuctú»ri esker ezagutu dute. «Ez nuen zuzenean ezagutu, baina bere senideekin hizketan ohartu ginen alboko auzokoak ginela, eta biok ezagutzen genituela lagun batzuk -esan zuen-. Oparirik onena izan da bere musikaren bitartez ezagutu izana».

Euzkitze iaioa da kamera aurrean agertzen, baina ez zen kikildu proiektuan parte hartzeko proposatu ziotenean. «Maite dut diskoaren izpiritua, baita Autek euskaraz abestean duenean ematen dion doinua eta azentua ere», esan zuen irribarrez. Bere ustez «nahasketa» horrek ezin hobeto islatzen du Imanolen nortasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo