GARA > Idatzia > Kirolak

Oreka faltan: «Power Balantz»

Surflari ernegatua

Itsasoa aitzakia hartuta edozein txorakeria esateko profitatzen dut atal honetan, baina, gaurko honetan, eta itsasoarekin zerikusi gutxi badu ere, benetan serioa den zerbait kontatzera noa. Olentzerori igorri behar nion eskutitzak erantzuna jaso baitu, aldez aurretik. Eskribauaren aurrean jaso dut, eta Olentzerok berak sinatuta gainera. Hona hemen gutuna eta erantzuna.

«Kaixo Olentzero! Hasi aurretik gauza pare bat aitortu behar dizkizut. Lehena, adinaren kontua da, badakit jada ez naizela ume bat, azukre ikatza oparitu zenidan azken aldia orain bi hamarkada izan zen gutxienez, beraz, ez dakit oparirik eska dezakedan. Bigarren kontua zera da, ez dakidala ziur zuri gutuna igorri behar zaizun edo hori Errege Magoekin egiten den. Nik ikastolan ikasi nuen eta antzerako gauzak ikasteko ikasgaia ez nago ziur zein zen, Matematika edo Lenguaje agian. Dotrina kontuak jorratzeko Etika edo Erlijioan izen emateko aukera eskaintzen zitzaigun, nahiz eta azken batean irakaslea bera zen, edukia bera zen, pelikula berberak ikusten genituen («Kristina F», «Suaren bila», eta abar) eta ikasgai bera jasotzen genuen: Erlijioa.

Hala ere, Olentzero bat izatekotan, GARAko irakurlea izango dela otu zait eta eskatu nahi dudana eskatzeko saiakera egitea deliberatu dut, gutunez ez bada, prentsa bidez. Urtero izaten ditut opariak. Izebak arretaz begiratzen nau oparia estaltzen duen papera kentzen dudan artean; antza, urteroko galtzontziloak ikusi eta ea zein aurpegi jartzen dudan ikusi nahi du. Sorpresa aurpegia espero du eta lortzen du, alajaina, «aurten ere galtzontziloak» pentsatzen baitut nire barrenean; benetan harritzen nau urtero errepikatzen den gertaerak nigan eragiten duen harridurak. Gurasoek, inoiz jantziko ez dudan alkandora oparitzen didatenean ere gustura hartzen dut. Baita nire lehengusu mendizaleak bueltan emango dizkiodan kranpoiak oparitzen dizkidanean ere. Aurtengoan bestelako opari bat nahi nuke, ordea.

Oso zintzoa izan naiz. Ez dut gehiengoak pentsatzen ez duenik pentsatu. Ez dut pentsatu. Ez dut iritzirik; beraz, hiritar on bat naiz. Urtean behin, Surfrider fundazioak deituta, urte osoan zehar zikindu dudan hondartza garbitzera joaten naiz, boluntario. Itsasoa errespetatzen dut eta denona dela esaten dut, denek bezala, inorena ez dela badakidan arren. Munduko hiritar gisa, denok surf egiteko eskubidea dugunaren diskurtsoa nire egiten dut. Badakit, itsasoak ez dakiela ez eskubideez, ez jabetzez, ez eta giza asmakizunez ere, baina hiritar on baten hitzekin zuzentzen natzaizu, edonor ulertzera behartuta dagoen lengoaian, hizkuntza edozein dela ere, hiritar onaren mintzairan, hitzek berezko zentzua galdu duten hizkuntzan alegia. Uler nazazun.

Industria handiek sortu dizkidaten behar guztien aurrean makurtu naiz, beharrezko ez ditudan produktu guztiak erosten. Produktuen izenak maite ditut, edozeren gainetik eta aurretik. Zoriontasuna modu material hutsean ulertzen dut. Ez dakit zerbait gehiago frogatu behar dizudan, esandakoarekin aski argi adierazi dudalakoan nago: hiritar on bat izateko beharrezkoak diren osagaiak ongi hornituak ditut.

Ez da nire asmoa zure zaku handi eta pisutsu horri zama gehiago jartzea. Eskatzera noanak ez du pisurik, ez behintzat kilotan edo libratan. Eskatzera noana hori baina errazagoa dela uste dut. Tira, aurrez esan dizkizudanekin honezkero konturatu zara zer falta zaidan, ezta? Oreka! Horixe bera. Orain gutxi erosi nuen oreka (zentzu guztietan) mantentzen lagunduko zidala ziurtatu zidaten eskumuturrekoa. Dirudienez, nire inguruan, denei lagundu die eskumuturreko horrek, hala diote behintzat. Lehen, makurtu eta belaunak ozta-ozta ukitzen zituena, orain sudurrarekin lurra ukitzeko gai da. Oin baten gainean segundo gutxi batzuk baino irauten ez zuen beste laguna, orain airean egoteko gai da, oinak euskarri izan gabe, Clark Kent (edo superman?) bezala. Besteak, eskumuturrekoari esker gehiago ligatzen omen du, eta beste batek inoiz bezalako bizitza sexuala omen dauka. Arrantza-ontzian mareatzen zen laguna sendatu da, irribarrez dabil atzera eta aurrera itsas kabra eta panekak harrapatzen, ni kareletik botaka ari naizen artean.

Beraz, horixe da eskatzera noana, oreka, eskumuturreko hori konpontzea alegia. Gainontzekoekin bezala, nigan eragin dezan, hiritar zintzo izaten jarrai dezadan, eta, horrela, zuk ere, hiritar etsituen gutunik jaso behar izan ez dezazun.

Nire eskaera betetzeko gai izango zarenaren esperantzan agurtzen naiz. Adeitasunez. Surflari ernegatua».

Olentzeroren erantzuna: «Gomendio bat. Eskumuturreko hori aldez aldatzen ez baduk jai daukak. Soilik eskuin eskumuturrean jarrita izan dezake eragina; ezker aldean ez du balio».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo