GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

BOULDERRA Proposamena

Burkaitz, Jaizkibelgo bloke sektore ederra

Orain dela urte batzuk, Benito Carok eta Julen Rozasek Burkaitzi forma eman zioten. Guztira, 11 sektore eta dozenaka korapilo garbitu eta proposatu zituzten. 2 eta 6 metro arteko blokeak daude.

p042_f02.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ikuspegi naturalistiko zein paisajistikotik begiratuta, Jaizkibel harribitxi bat da. Hori inork ez du zalantzan jartzen, nahiz eta batzuk eraso egin nahi dioten. Ibiltari zein mendizaleentzat oso alderdi berezia da, baina, batzuentzat ezezagunak izan arren, beste proposamen interesgarri batzuk ere eskaintzen ditu. Hala nola, blokean jarduteko aukera.

Orain dela urte batzuk orrialdeotan Cesar zein Cerillas sektoreen berri eman genizuen. Blokezaleentzat, agian, horiek dira Jaizkibelgo alderdi ezagunenak. Halere, bere orografian zehar txapinoi gisa altxatzen diren ehunka blokeei esker, lasai asko baiezta genezake egundoko «harrobi» baten aurrean gaudela. Eta, jakina, zabaldu dituzten sektore batzuk badaude.

Sektore ederrak

Horietako bat Burkaitz dugu. Alderdi hori sortzearen «errudunak» Benito Caro eta Julen Rozas dira. Biek ala biek lan eskerga egin behar izan zuten Burkaitzeko muinoan altxatzen diren blokeak garbitzen eta eskalatzeko korapiloak asmatzen zein askatzen.

Txalotzekoa den lan horren ondorioz, Burkaitzek 11 sektore jasotzen ditu bere baitan: Ovni, Sugar Cube, Burkaitz, Estacion Mir, Ramones, Planetarium, Leffe Gorri, Kaballo Loko, Viper, Elefante eta Artzai Borda.

Hareharrizko dozenaka proposamen daude. 2 eta 6 metro arteko garaiera dute blokeek, eta ia denetan goitik atera behar da. Ezaugarriei dagokienez, denetarik dago: plaka teknikoak, sabaiak, desplomatuak, salto egin beharrekoak... Eta oraindik garbitu zein zabaltzeko proposamen gehiago daude.

Blokeko eremu horretara hurbiltzeko, Cesarreko aparkalekutik abiatu behar da; 15 minutu oinez egin ondoren, Burkaitzeko muinoa eta bere sektoreak ikusi eta hara abiatu behar da. Guztira, 25 minutuko ibilbide gozoa da. Burkaitzi buruzko argibide gehiago lortzeko: http: //blokejaizkibel.blogspot.com.

11 sektore

Benito Caro eta Julen Rozas izan dira Burkaitzeko sektore guztiak garbitu eta zabaldu dituzten eskalatzaileak.

hareharria

Jaizkibel guztian bezala, hareharrizkoak dira blokeak. 2 eta 6 metro arteko garaiera dute, eta ia guztietan goitik atera behar da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo