BOULDERRA Lehen errepikapena
Ander Mendietak «Berezi» blokeari kosk egin dio
Arrasateko eskalatzaile gazteak Iker Pouk sinatutako Larraonako blokearen lehen errepikapena egin du. Mendietari asko kostatu zaio «Berezi» egitea, baina azkenean bere lehen 8b+ graduko blokea bereganatu du.
Andoni ARABAOLAZA
Ander Mendietak, berez, pasatzen den edozein tokitatik lurrikara moduko bat sortzen du. Berdin dio kalean edo eskalatzen. Halakoa da bere izaera! Eta, jakina, ezaugarri horiek pixka bat kontrolpean edukitzen dituenean, bere blokeko zaletasunean emaitza bikainak erdiesten ditu.
Arrasateko «fenomeno» hau behin baino gehiagotan igaro da orrialdeotatik. Beti blokeko goi mailako sinaduraren batekin. Eta oraingoan ez da atzean geratu. Ez, beste lurrikara bat sortu du duela egun batzuk eginiko eskaladarekin. Jo eta su jardun ondoren, arrasatearra «Berezi» blokearekin egin da. Bai, iaztik topera ibili da Larraonako izar horretan, eta, azkenean, leherketa baten ondoren, blokearen lehenbiziko errepikapenarekin egin da.
Eta «Berezi» blokearen graduari begiradatxo bat ematen badiogu, ohartuko gara Mendietak beste koska bat gora egin duela bere ibilbidean. Izan ere, 8b+ zailtasuneko blokea da. Iker Pou izan zen «Berezi» blokearen lehen igoera lortu zuena, eta 8b+ gradua proposatu zuen. Hots, Euskal Herriko proposamen gogorrena eta Espainiako Estatuko gogorrenetarikoa.
Espezialista batzuk saiatu dira Larraonako korapilo horretan, baina azkenean Mendieta izan da lehen errepikapena egin duena.
Ondo kostata
GARAri adierazi dionez, iazko denboraldian nahiko gertu izan zuen: «Beheko zatian nahiko ondo menderatua nuen, baina goi aldean erori egiten nintzen. Aurten, berriz, ia bi hilabete pasa ditut rokodromoan entrenatzen. Topera! Oso sasoiko atera nintzen paneletik, eta, denborarik galdu gabe, Larraonara itzuli nintzen `Berezi' lantzera. Nahiz eta sasoiko nengoen, azken pausoan erortzen nintzen. Puntura neukala ikusten nuen, eta neure buruari esan nion halabeharrez egin behar nuela. Nahiz eta asko kostatu zaidan, azkenean saria jaso dut. Pozarren nago».
Zortzi pauso besterik ez ditu «Berezi» blokeak. Erori pixka bat badu, eta oso helduleku txikiak: «Saio on bat egiten nuen, eta ia leher eginda geratzen nintzen. Hiru saiorekin, akabo. Oso zentratuta egon naiz erronka honetan. Uste dut merezi nuela!».
Bederen, argi dagoena da Mendieta Euskal Herriko blokearen panoraman espezialista indartsuenetarikoa dela. Bere lehen 8b+ izan da, eta gradu hori bai hemen bai nazioartean oso blokezale gutxik dute. Euskal Herrian soilik Pouk eta Mendietak berak. Hala ere, jakina denez, blokea ez da asko «saltzen», eta gazte arrasatearra oso ezezaguna da hedabide ia guztientzat.
«Berezi»k motibazio gehiago eman dio, eta muturreko zailtasunean gogor jarraitu nahi du: «8b+ graduko beste bloke batzuk egin nahi ditut. Hasteko, Larraonan izenik gabeko bloke oso zail bat egin nahi dut. 16 urterekin zabaldutako `Euskal dantza' (8b) ere egin nahi dut. Garai haietan ezinezkoa ikusten nuen; orain, berriz, askoz ere gertuago. Eta martxoa aldera, Suitzara joateko asmoa dut».
Ander Mendietak «Berezi» blokearen lehen errepikapena egin du. Asko kostatu zaio, baina, azkenean, bere lehen 8b+ graduko blokea lortu du.