GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Urte bukaeraren atarian

Gabonen atarian hainbat dira genero ikuspegitik mahaigaineratu litezkeen gaiak: sexismoz beteriko publizitate kanpainak; haurrentzako jostailuak kaleratzean oraindik dirauen akzioa edo pasibotasuna sustatzeko joera, ezbairik gabe zenbait egitura mantentzen laguntzen duena; familiarteko egun horietan zer-nolako papera duten emakume eta gizonek, lan banaketa eta antolaketari dagokionez....

Hainbat dira, bai, Gabonei heltzeko ikuspuntuak. Hel geniezaieke, esaterako, urte bukaeran izateak nahitaez sortzen duen hausnarketatik. Joatear dagoen urteak eman eta kendu duenaren balantzea egiteko ohituratik, dela maila pertsonalean, dela herri mailan. Azken honetatik abiatuta, bide anitz ireki litezke bai kritika egiteko, bai zorionak emateko, gaizki eta ondo egindakoen inguruan, gabeziei eta lorpenei dagokienez.

Gabonen atari honetan, tamalez, badago herri mailan argi eta garbi huts egiten ari garela erakusten ari zaigun kontu bat, urte bukaera honetan ezagutzen ari garen datuek ezin hobeto islatuta: aurten 70 emakume erail dituzte euren bikote edo bikote ohiek, eta oraindik 11 egun ditugu aurretik 2010. urtea buka dadin. 11 egunetan ezer gutxi gerta daitekeela pentsa genezake, baina kontuan hartuta 17 egunetan baino ez bost biktima izan direla -bat hiru egunetik behin-, ez dirudi lekuz kanpokoa urte berria hildako gehiagorekin has dezakegula uste izatea.

Ez gara aurrera egiten ari kontu honi dagokionez. Indarkeriapean bizi diren emakume askok ez dute salatzen, salatzen dutenen artean ondoren atzera egiten dutenen kopurua gora egiten ari da. Justiziarekiko konfiantza eza agerikoa da, lotsa eta beldurra epaiketek konponbidea ekar dezaketelako uste ziurra baino handiagoak dira oraindik. Kondenatuek biktimarengan izaten jarraitzen duten eragina eta haiengana hurbiltzeko erraztasuna ez dira desagertzen ari, alderantziz, badirudi gero eta gehiago dela erasotzaile ororen azken helburua, «nirekin ez eta beste inorekin ere ez» filosofia erauziz eta indartuz doala.

Bestalde, biktima eta erasotzaileen gaztetasuna ikusita argi dago kale egiten ari garela. Hezkuntzan eta prebentzioan ez dela nahikoa egiten ari, antzinako egitura matxistak ez direla antzinakoak eta egungo jendartearen baitan sor dirautela. Alegia, harreman kontuetan sortu eta elikatzen diren botere eta menderatze loturak desagertu barik, bortizkeria handiagoaz garatzen ari direla. Agian izango da oro har mundua zuzentzen duen kultura ere gero eta oldarkorragoa delako, banakotasuna, arrakasta ekonomikoa, boterea eta gailentasuna bultzatuta, bestelako balio eta printzipioak ahuleziatzat transmitituta.

Denon erantzukizuna da kultura suntsitzaile hau iraultzea. Egiten ari dena behar bezala baloratuta, hutsune eta gabeziei tinko helduz, ikusmira jendartearen berdintasunean jarrita. Arazo honetan gizon eta emakumeen arteko elkarlana nahitaezkotzat jota, sustatuta. Ez gaitezen behin eta berriz biktimekin batera hondoratu. Urte bukaeran askeago eta aseago senti gaitezen, denok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo