GARA > Idatzia > Kirolak> Tenisa

TENISA Tommy Robredo Bilboko Masterseko txapeldun

Erregulartasunik ezak kondenatu du Almagro

Aurreneko seta «tie break»-ean erabaki zen Robredoren alde, bere aurkariak azken orduan egindako falta bikoitzen erruz. Bigarren seteko laugarren jokoan sakea apurtuta erabaki zuen finala Gironako tenislariak.

p032_f01_777x777.jpg

Arnaitz GORRITI

Bilboko hirugarren Masters txapelketa Tommy Robredo kataluniarrak irabazi zuen atzokoan, Nicolas Almagrori ordu eta erdiko partidaren ostean 7-6 (8-6) eta 6-3 irabazita. Pasa den urteko otsailetik hona aurreneko txapelketa eskuratu zuen atzo Gironako tenislariak. Aldiz, bere aurkaria bigarren urtez jarraian geratu zen Bilboko tenis lehiaketako txapeldunorde.

Final handia ez zuen talentuak erabaki, erregulartasunak baizik. Bilbao Arena pabilioian bilduriko 5.000 zaleek ikusi zuten Almagrok bere aurkariak baino gogorrago astintzen zuela pilota. Alabaina, murtziarrak behar baino akats gehiago egin zituela ere ikusi zuten, bai sakez, baita piloteoan ere. Tommy Robredok, hala, tanto bikainak egiteaz gain, bere aurkariaren pazientziarekin jokatzen asmatu zuen, Almagroren hutsegiteak iritsiko zirela jakitun.

Falta bikoitzik desegokiena

Aurreneko seta oso estu joan zen azken unera arte. Hotz xamar ekin zioten bi jokalariek, tanto politegirik gabe. Biek ere sakez egiten zuten minik handiena. Dena den, partidaren zazpigarren jokoan Robredok sakea apurtu zion Almagrori, azken horren hanka-sartzeak profitatuz. Hurrengo jokoan berreskuratu zuen sakea murtziarrak, Robredoren falta bikoitz bati eta tanto pare eder bati esker.

Seina zeudelarik, tie break erabakigarrira iritsi ziren. Han elkarri pare bat bider apurtu zioten sakea, seinako berdinketa erdietsiz. Orduan iritsi zen Almagroren akatsik larriena: murtziarrak falta bikoitza egin zuen, eta seta irabazteko aukera esku-eskura laga zion Robredori. Sake on bati esker, Gironakoak ez zuen aukera pasatzen utzi.

Bigarren seta ez zen hain parekatua izan. Almagrok tarteka bikain jokatzen zuen, baina baita hanka-sartze galantak egin ere. Ondorioz, laugarren jokoan Robredok sakea apurtzeko izan zuen hirugarren abagunea bapo probestu zuen, errebesez egindako passing shoot bati esker.

Handik aurrera kataluniarra sakea eustera mugatu zen. Almagrok, kalitatea erakutsi arren, ez zuen erregulartasunik izan finalari buelta emateko.

Giro aparta eta izen ezagunak Miribillan

Partida hotz hasi bazen ere, giro polita bizi izan zen Bilbao Arenan. Horrez gain, izen ezagunak ikusi ahal izan ziren sari banaketan. Hala, Albert Costa eta Alberto Berasategi tenislari ohiek eman zioten Almagrori txapeldunordeari zegokion saria. Bestetik, Bilboko alkate Iñaki Azkunak jantzi zion txapela Robredori. Azken horri buruz bere izena daraman fundazioari 3.000 euroko saria eman ziotela esan behar da, gurpildun aulkian jokatu nahi duten tenislarien mesedetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo