SOKATIRA Lauko finalak
Ibarrak eta Amaiurrek eraman dituzte txapelak
Gipuzkoarrak 300 kilotan gailendu dira, eta nafarrak, berriz, 250 kilotan.
Jon LEUNDA
Ezusterik gabe amaitu da Lauko Euskal Herriko Txapelketa. Amaieran Ibarrak eta Amaiurrek jantzi dituzte aurtengo azkeneko txapelak, aurrez iragartzen zen moduan.
Emakumezkoak 250 kilotan lehiatu ziren. Hiru jardunalditako ligaxka zen, eta herenegun jokatu zen Berriozarren azkenekoa. Amaierako ekinaldira Amaiur alde nabarmenarekin heldu zen. Lehia bigarren posturako zegoen, Badaiotz, azken urte hauetan nagusi izan den taldea, eta Ibarra A berdinduta baitzeuden. Badaiotz izan zen amaieran bigarren postua eskuratu zuen taldea, baita herenegungo ekinaldia irabazi zuena ere.
Gasteiztarrek mendean hartu zuten Amaiur, eta Ibarrarekin berdindu egin zuten. Gainerako taldeak ere mendean hartu zituzten. Amaiurrek, berriz, Gaztedirekin bakarrik galdu zuen, beste guztiei irabazi egin baitzien.
Ibarrak Amaiurrekin bi tiraldiak galdu zituen, eta bat Badaiotzekin. Aldiz, gainerako tiraldi guztietan garaile atera zen, eta hirugarren postuan amaitu zuen jardunaldia, baita txapelketa bera ere.
Laugarren Basaburua-Imotz geratu zen, erdi-erdian. Aurreko hiru taldeekin galdu egin zituen tiraldi guztiak, eta Ibarra B eta Berriozar, berriz, azpian hartu zituen. Azken bi horiek, berriz, aurreko guztiekin galdu egin zuten, eta elkarren artean berdinduta geratu ziren, bakoitzak tiraldi bat irabazita.
Gizonezkoak 300 kilotan lehiatu ziren. Lehen fasea jokatu ostean, sei onenek finala jokatu zuten. Ibarra A zen faboritoa, aurreko txapela ere berak jantzi baitzuen, eta ez zuen hutsik egin; gipuzkoarrak irabazle izan ziren eta lauko txapelketa honetan mutilen bi txapelak janzteko modua egin dute.
Moreek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten jardunaldiko tiraldi guztiak irabazita, eta, laukoan behintzat, beste guztien gainetik agertu dira. Hori laster hasiko den zortzikoan berretsi beharko dute. Amaiur B jotzen zen bere aurkari zuzentzat, eta nafarrek bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Gipuzkoarrekin galdu egin zuten, baina gainerako tiraldi guztietan garaile atera ziren.
Hirugarren, Berriozar sailkatu zen. Berriozarrek aurreko biekin galdu egin zuen, baina atzetik geratu ziren beste hiru taldeak mendean hartzeko modua egin zuen. Amaiur A sailkatu zen laugarren postuan. Aurretik geratu zitzaizkion taldeekin galdu egin zuen, baina Sokarri B eta Ibarra B azpian hartzeko modua egin zuen. Sokarri B sailkatu zen bosgarren, Ibarra B taldeari irabazi egin baitzion. Ibarra B azken lekuan geratu zen, finaleko saio guztiak galdu ostean.
Behin lauko txapelketa amaituta, pentsatzekoa da urtarrilean abiatuko dela zortzikoa. Amaitu berri den lauko txapelketan ezusteak izan dira; ikusiko da zortzikoan errepikatzen diren. Izan ere, azkeneko urteetan Abadiño, mutiletan, eta Badaiotz, nesketan, jaun eta jabe izan dira, eta amaitu berri den lehiaketa honetan ez dute txapelik jantzi.
Abadiñok, gainera, jokatu diren bi pisuetatik batean finalean sartzerik ere ez du lortu, eta horrek zalantzak sortzen ditu. Ibarra, mutiletan, eta Amaiur, nesketan, izan dira nagusi. Orain formatu handian berretsi beharko dute txikian erakutsi dutena. J.L.