BEREZKOAK
Waltari eta Harizmendi finalean izango dira
J.L.
Ez da inongo ezusterik izan eta Waltarik eta Harizmendik jokatuko dute Bakarkako Superprestigioko finala datorren igande arratsaldean Donibane Garazin, Garat trinketean.
Waltarik oso erraz hartu zuen atzo mendean Herve Etxeberri, kubatarrak 40-13 irabazi baitzuen, 38 minutu iraun zuen norgehiagokan. Amerikarra jaun eta jabe izan zen hastapenetik. Berak jarritako erritmoan jokatu zen partida, eta lapurtarrak inoiz ezin izan zion aurre egin. Gainera, Etxeberri buruz nahiko ahula da, eta gibeletik jartzen baldin bada, erraz egiten du atzera, errazegi etsitzen du; atzo hasi aurretik etsita kantxaratu zela ematen zuen, inoiz ez baitu Waltari estutu, ez eta estutzeko keinurik ere egin, nahiz eta hasieran markagailuan aitzineratu egin zen.
Saketik hamabi kintze egin zituen kubatarrak eta lau lapurtarrak. Jokoan, berriz, 25 tanto egin zituen Waltarik eta zazpi besterik ez Etxeberrik. Galdu, berriz, bost egin zituen Waltarik eta zazpi Etxeberrik. Markagailua, berriz, honela joan zen: 0-3, 3-3, 5-5, 21-5, 35-9 eta 40-13.
Bigarren partida askoz ere orekatuagoa eta estuagoa izan zen, nahiz eta hemen ere ez zen ezusterik izan. Harizmendik 40 eta 31 menderatu zuen Lemuno, 70 minututan.
Partida bera nahiko polita izan zen. Lemuno aspaldian trinketean jokatu gabe zegoen, eta horrek zaleei zalantzak pizten zizkien. Aldiz, Lapurdin bizi den kolonbiarrak partida ona egin zuen, eta dezente estutu zuen Nafarroa Beherekoa.
Pilota atzean jartzen saiatu zen, eta Harizmendi nahiko larri ibili zen, batez ere hastapenean. Gero, partidari neurria hartu zion, eta partidan aitzinetik jarri zen. Hor finalerdia kontrolpean eduki zuen, nahiz eta inoiz ez zuen lasai egoteko adinako tarterik ukan.
Saketik zazpi kintze egin zituen Harizmendik, eta bost Lemunok. Jokoan 26 kintze egin zituen euskaldunak, eta 21 amerikarrak. Galdu, berriz, bost eta zazpi egin zituzten. Markagailua honela joan zen: 1-1, 3-3, 4-4, 14-14, 16-16, 20-20, 21-21, 26-21, 27-27, 28-28, 29-29, 27-29 eta 41-31.
Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen finalerdiak ikusteko. Harmailak ez ziren erabat bete, baina 500 ikusle inguru bertaratu ziren. Dirua, berriz, lehen partidan oso nabarmen zegoen Waltariren alde, baina ia dirurik jokatu ere ez zen egin. Bigarrengoan, berriz, dirua Harizmendiren alde atera zen, baina alde handiegirik gabe; gainera, berdinketak egon zirenean Lemunoren alde ere jokatu zen. Finala datorren igandean jokatuko da, 17.00etan.