«Buruz burukora Etxahunekin heltzea sari bat izan zen niretzat»
ARKAITZ ESTIBALLES
Bizkaiko bertsolari txapelduna
2000. urteaz geroztik finalean izan da, 2002an izan ezik, eta larunbatean jantzi zuen lehenengoz Bizkaiko txapela. 1977an jaiotako galdakoztarrak lagun eta familia giroan ospatu zuen atzo txapelketa «hunkigarriari» emandako amaiera ezin hobea.
Ane ARRUTI | BILBO
Konfiantzarekin eta txapela eskuratzeko asmoz igo zen larunbatean BECeko oholtzara Arkaitz Estiballes. Hasierako agurretik eman zuen abisua: «Jone ta Miren ta noski Peio dira gazte eta bizkor/ Onintza Enbeita hunkigarria, Beñat ofiziotan listor/ eta Etxahun da nire laguna/ nork parekatu horren garuna/ Eneko da Terminator/ eta nahiz ta ni azken boladan ibili naizen hain ezkor/ txapel horixe hurbilxeago ikusten ari naiz gaur hor/ hasi dadila bertso burruka/ nator gogotsu ta sendatuta/ gutxietsi gabe inor/ txapelaren bila nator». Eta eraman zuen.
Bosgarren finalean heldu zaizu txapela. Nola erori da?
Oso-oso ondo. Sentsazio oso bereziak izan dira. Oso txapelketa hunkigarria izan da niretzat. Gaur egon naiz GARAko argazkiak ikusten, badaude pare bat Etxahunekin besarkatzen agertzen naizena, eta poztasun hori berezia izan da. Saioan zehar inguruan neuzkanekin berbetan egon nintzen denbora guztian, disfrutatzen. Etxahunekin heltzea buruz burukora sari bat zen niretzako; laguna izateaz gain, askotan izan dut bertsokide eta momentu hori berarekin disfrutatzea oso hunkigarria izan da. Denborarekin ikusten da eta orain asimilatzen nabil.
Zozketak kantuan Etxahunekin hastea erabaki zuen. Horrek konfiantza eman zizun?
Dudarik gabe. Konfiantza eta ardura ere bai. Hastea beti izaten da nahiko gogorra. Agian saioko momenturik hotzena hori izaten da. Garrantzi berezia ematen diot horri, zortziko handian gustura hasten banaiz, konfiantza hartzen dut hurrengo ariketetarako. Uste dut nahiko neutro hasi ginela, elkarri egurra eman gabe, baina biok arrazoi politak botaz eta horrek konfiantza eman zidan.
Bigarren ariketan, berriz, zure ikaslearekin, Peiorekin, egokitu zitzaizun.
Bigarren poztasuna hori zen. Txapelketa berezia egin du horrek ere. Peio sartu delako, neurri batean, Fredi ez da sartu eta bera ere gure kidea da eta faltan bota genuen. Baina niretzat, txapela irabazi dudan urtean, kantukide orain bost urte nirekin bertsotan hasi zen ikasle bat edukitzea, bigarren txapel bat janztearen parekoa da. Berak bota zituen agurrak, bertsoak, erakutsi zuen lotsagabekeri ona... Izugarria izan zen.
Gainerakoak nola ikusi zenituen? Izan ere, bazegoen zalantza hori, inoiz egon gabeko bost bertsolari, jende gaztea...
Orokorrean saioa oso ondo zihoala ikusi nuen. Ofiziotan ez nuen inor akats nabarmenik egiten ikusi. Buruz burukora arte Etxahun ikusten nuen ondo, eta bereziki puntu erantzunera arte, Jone Uria. Bizi ibili zen ofiziotan; hamarreko txikian nirekin egin zuen. Nik uste plazako ideiak etorri zitzaizkidala eta entzulearentzat nahiko bertso gustukoak izan zirela. Berak heldu eta erantzun egin zien nik botatakoei eta uste dut izugarrizko lana egin zuela eta dezente aurrean neukan. Puntu erantzunean berak ere onartu zuen ez zuela asmatu. Onintzaren lehenengo bakarkakoa asko gustatu zitzaidan. Oro har, txapelketan gutxitan gertatzen da atzokoa -larunbata-. Beti bada bertsolariren bat gustura gelditzen ez dena eta BECen denek utzi zuten zerbait. Beñaten puntu erantzuna ere antologikoa edo historikoa izan zen. Ni ere bakarkakoarekin gustura gelditu nintzen. Gero erregulartasun bat mantendu nuen nik eta horren ordaina izan zen txapela.
Zu zeu, ofiziotan ondo, baina agian bakarkakoan hobe?
Bakarkakoan nabarmenagoa da, bakarrik egiten duzulako. Baina horra iritsi nintzen konfiantzarekin iristeko oso garrantzitsua zen ofiziotan nire buruarekin gustura sentitzea. Agian gairen bat ikusi nuen konplikatua, sonotonearena kasu. Baina nire burua errekurtso diferenteekin ikusi nuen; batean ahotsa altxatuz, bestean arrazoiaren bidez.
Bakarkakoan, zure aurretik «Izarren hautsa» doinua erabili zuen Etxahunek. Zuk ere horrela egin zenuen ostean. Momentuan zalantzarik eragin zizun?
Ez, ez baineukan B planik. Entrenatzen dugunean Etxahunek, Fredik... adarra jotzen didate: `Zu doinuren bat ari zara gordetzen!'. Baina arazo handiak izaten ditut doinua aukeratzeko. Etxahuni ere zor diot hori. Buruz burukoan hiru bertso dira baina finalean bi, eta, nolabait, arriesgatzera edo luzitzera joan beharra daukazu. Bederatziko txikian entrenatzen ibili nintzen, baina Etxahunek esan zidan uste zuela nire bertsokera gehiago dela deskribapenerako eta beste doinu batean hobeto ibiliko nintzatekeela. Honekin ibili naiz azken bi astetan jo ta su, eta biok bagenekien doinu horretan kantatuko genuela. Zozketa egin zenean komentatu genuen, baina horixe, animoak eman eta aurrera. Ez neukan beste alternatibarik.
Finalaurrekoan, «Martxa baten azken notak» erabili zenuen.
Urte askotan zortzi puntuko `Haizeak dakar' erabili izan dut eta hori neurri berdinekoa da. Neurria kontrolatuta neukan, baina doinuarekin sustoren bat eduki nuen, eta duda hori baneukan.
Bai finalaurrekoan bai finalean ere, kartzelako lanean, preso baten larrutik kantatu duzu. Kasualitatea edo oso kontzienteki hartutako erabakia?
Kasualitatea ez da, baina kontzienteki hartutakoa ere ez. Momentuan hartutako erabakia da. Duela gutxi egon naiz ikusten Asier Altuna egiten ari den `Bertsolari' filmaren laburpentxo bat eta hor Andonik oso argi esaten du: `Ordu erdian ni izan naiteke bizikleta, enpresaria, bonberoa... baina horiek guztiak Andoniren ahotik hitz egiten dute. Hau da, filtrotik pasatzen dira'. Uste dut nik ere horretan asmatu nuela. Denetik izan nintzen, baina denetan nire inguruko erreferentziak topatu nituen. Telefonoaren gaia entzun nuenean, oso hurbilekoa egiten zitzaidan. Hor aipatu nituen jendea eta pertsonaiak oso-oso hurbilekoak dira, nire auzokideak eta nire txikitako lagunak kasuren batean; datuak errealak ziren eta erraztasuna ematen zidan. Tokatzen zitzaidana zen lehenengo bertsoan ondo kokatzea eta gaira lotzea. Hurrengo bi bertsotan istorioa garatu nuen eta uste dut jendeari gustatu zitzaiola.
Bukaerako agurretan ere denek aipatu zenuten egoera politikoa. Bertsolaritzak zein paper izan dezake, baldin badu, aurkitzen garen momentu honetan?
Bertsolaritzari ez dagokio inongo paperik jokatzea. Bertsolaritza gizarte honen eta bizi dugun egoeraren isla da eta bertsolariak gizartetik hartzen du bere inspirazioa edo gaia. Oso hurbil dago gizartetik eta gizartearen kezkak kantuz adierazten ditu. Norbanako bezala jokatu beharko dugu, gizarte bezala edo herri bezala. Bertsolaritzak bai egiten duela mezulari lana eta ideien aportazioa. Gero bakoitzak elkar elikatu beharko dugu eta hortik aterako dira ondorioak, konponbideak, ametsak edo asmoak. Ez da egokia bertsolariari ez daukan pisu bat ematea.
Txapelketara itzulita, aurten aipatu izan da betiko faboritoen faltan, maila jaitsi ote den. Zuk nola ikusi duzu?
Nik oso final ona ikusi nuen. Akats puntualak egon ziren baina duela bi urte ere, Igor eta Unai egon ziren eta akatsak egongo ziren segur aski. Orduan, txapela ez baina buruz burukora pasatzea oso gertu ikusi nuen nik. Uste dut Igor bi edo hiru puntuko aldearekin pasa zela aurrera. Aurten ardura berezi bat bazegoen finala behar besteko mailakoa izango ote zen, eta uste dut jendeak espero zuenaren goitik joan zela momentu askotan.
Bizkaiko bertsolaritza sasoiko al dago?
Ondo ikusten dut. Ez dugu erlaxatu behar ere. Urte askotan bertsolari batzuk lan bat egin dute eta saiatu behar gara motibazioa bilatzen, adibidez, gure belaunaldiko jendeak jarraitu dezan bertsotan, topatu dezan bertso plazan bere tokia eta ekin diezaiola bertsoari. Azkenean finalera zortzi heltzen gara, baina hau guztia sustengatzen dugunak kasu honetan 78 izan gara, eta uda aurretik beste 200 bertsolari. Azkenean bakoitzak bere eskualdean bere funtzioa betetzen du eta saiatu behar gara jende horri guztiari aukerak ematen eta elikatzen.