GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gorbeia mendian zauritutako gazte bat helikopteroz erreskatatu du Ertzaintzak

GARA | GASTEIZ

Ertzaintzaren helikopteroak 22 urteko gazte bat erreskatatu behar izan zuen atzo arratsaldean Gorbeia mendian.  Ezbeharra, hain zuzen ere, Zeanurin gertatu zen, Hiru Gurutzeen Pasabidetik gertu. Lakuako Barne Sailak aditzera eman zuenez, mendizalea jausi egin eta zauri arinak egin zituen buruan.
Lakuako Barne Sailak igorritako oharrean azaldutakoaren arabera, ezbeharra atzo arratsaldean gertatu zen. Ordu bi eta erdiak zirela, pertsona batek larrialdi zerbitzuei eman zien abisua. Abisua eman zuen lagunak larrialdietako langileei azaldu zienez, mendizale bat jausi egin zen eta kolpea zuen buruan.

Izotza eta elurra
Antza denez, Zeanuriko inguru horretan izotz eta elur dezente zegoen. Horrek erreskatea izugarri zailduko zuela pentsatu zuten erreskatean parte hartu behar zuten poliziek, eta, gaztea zaurituta zegoela ikusita, Ertzaintzaren helikopteroa mugiaraztea erabaki zuten azkenean.
Ezbeharraren berri izan bezain laster, mendi erreskatetarako erabiltzen duten operatiboa martxan jarri zuten larrialdi zerbitzuek. Azkenean, egoera aztertuta, Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko kideek helikopteroa mugiaraztea beharrezkoa zela erabaki zuten.
Lakuako Barne Saileko iturriek bidalitako oharrean zehaztutakoaren arabera, gazteak zauri arinak jasan zituen buruan izandako erorketaren ondorioz. Hori dela eta, Galdakaoko ospitalera eraman behar izan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo