Amiantoaren eraginpean lan egin zuen Aceros de Llodio-ko 73 urteko langile ohi bat hil da
A.Z. | BILBO
Amiantoarekin lan egiteagatik gaixo zegoen Aceros de Llodio enpresako langile ohi bat hil zen pasa den igandean. 1966. urtetik 1992. urtera Aceros de Llodion lan egin zuen 73 urteko Eduardo S.V.-k asbestosi biriketako gaitzak jota ohean mugitu ezinik igaro ditu bere azken urteak.
Amiantoak sorturiko gaixotasunak aztertzerako orduan instituzioen «utzikeria» salatu zuen atzo CCOO sindikatuak ohar batean. Hain justu, Eduardo S.V.-ri laneko gaixotasuna zuela aitortzeko tramiteak egiteko Gasteizera joan zedila eskatzen zion INSS Espainiako Gizarte Segurantzako Institutuak, halako bidaiarik egiterik ez zuen arren. Hala, langileak Arabako INSSri laneko gaixotasunak eragindako ezintasuna aitortzeko eskatu bazion ere institutuak ez du oraindik ebazpenik osatu.
Hala ere, 2009. eta 2010. urteetan bai Osakidetzak, bai Espainiako Silikosiaren Institutuak ere hainbat txostenetan onartu zuten amiantoarekin lan egiteagatik gaixotu zela Eduardo S.V. Arabako Lan-ikuskaritzak ere hala zioen pasa den abuztuan igorritako txosten batean: langilea «amiantoaren eraginpean izan zen urteetan zehar». Osalanek ere Laudiko lantokian amiantoaren etengabeko erabilera onartu du hainbat txostenetan.
Lantoki berean ibili ziren hamar bat langile gutxienez amiantoaren ondorioz hilik edo gaixorik daudela baieztatu zuen CCOOk. Era berean, Aceros de Llodion 1960. eta 1980. urteen artean amiantoaren erabilera masiboa izan zela argi dagoela nabarmendu zuen sindikatuak, baita segurtasun neurriak ez zirela egokiak izan ere. Azkenik, amiantoagatik gaixotu diren guztiei deia egin zien CCOOk, laneko gaixotasuna dutela aitor diezaietela eta dagokien kalte-ordaina eman diezaietela eska dezaten.