Montenegro askearen arkitektoak, Djukanovicek, Gobernua utziko du
Jugoslavia bat bakarra eta sozialista zenetik gaur arte bizirik iraun duen politiko bakarra dugu Milo Djukanovic. Bera izan zen Montenegroren independentzia bultzatu eta lortu zuena, 2006an. Herrialdea Europar Batasunaren atarian dela, Gobernua uzteko asmoa agertu du.
GARA |
Montenegroko lehen ministroak, Milo Djukanovicek, kargua utziko duela iragarri zuen atzo prentsaurrekoan Podgorican.
«Gobernuburu kargua uztea erabaki dudala jakinarazteko bildu zaituztet», azaldu zuen. «Montenegro herrialde egonkorra dugu, krisialditik atera da, Europar Batasunean eta NATOn sartzeko atarian dago (...) botere exekutiboa uzteko baldintzak betetzen dira», gaineratu zuen Djukanovicek.
Bere erabakiak gobernu aldaketa samurtuko duelakoan dago lehen ministro ohia. «Nire ustean, erabaki honek gobernua aldatzeko aukera emango du, betiere zalapartarik gabe eta barne-garapena kolokan jarri gabe». Hori bai, bere erabakia hartzeko inolako presiorik ez duela jaso esan zuen.
Duela bi aste Europar Batasunean sartzeko hautagaitza onartu zion Bruselak Montenegroko Estatu berriari. Bi urte luze eman ditu Montenegrok onarpen hau lortzeko lanean.
Hala ere, Djukanovicek Sozialisten Alderdi Demokratikoaren presidente karguan jarraituko duela iragarri du, eta Montenegroko lehen ministro kargurako egungo lehen ministrordea, Igor Luksic, proposatuko duela iragarri zuen.
«Alderdia gidatzen jarraituko dut, beraz, Montenegroko hazkundeari laguntzen jarraituko dut», esan zuen, eta Luksic ministroarengan konfiantza osoa duela gaineratu.
MINA agentziak ziurtatu duenez, Djukanovicen asmoa enpresa munduan sartzea da. Hala ere, oposizioko iturrien iritziz, Djukanovicek Montenegroko agintari politiko gorena izaten jarraituko du, itzalean bada ere. Izan ere, bere alderdiak Parlamentuko 81 eserlekuetatik 47 ditu. Hurrengo hauteskundeak 2013an izango dira. Beraz, Gobernuak ez du erronka berezirik datozen bi urteetan.
Jugoslavia zatitu zenetik
48 urte besterik ez dituen arren, luzea izan da Djukanovicen ibilbidea. Jugoslavia 1991n zatitu zenetik boterean egon da, etenaldirik gabe.
Aurretik ere goi agintaria izan zen Jugoslavia sozialistan. 27 urte zituela Montenegroko alderdi komunistaren ordezkari nagusi izendatu zuten.
1991. urtean Montenegroko errepublikako lehen ministro kargua hartu zuen. Handik sei urtera, herrialdeko presidente izendatu zuten. Garai haietan Serbiaren menpe jarraitzen zuen Montenegrok.
2002an gobernuaren buruzagitza berreskuratu zuen eta independentziarako erreferenduma bultzatu zuen. Bultzatu eta irabazi 2006an, Estatu berriaren arkitektotzat jo dezakegu beraz.