GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ESKUTITZA | AURORE MARTIN

Kolpea erori da

 


Hemen nauzue, gutun «berezi» hau idatzi beharrean. Zuei zuzentzen natzaizue gaur, nere atsekabea, nere kezka, nere beldurra, bainan ere borrokarako dudan determinazioa eta borondatea adierazteko.

Gure eskubide zibil eta politikoak indar guziz defendatzeko ordua iritsi da, aurrekari honek ez dakar deus onik.

Onartezina, onargarri ote da? Noski ezetz! Baina Euskal Herriko historiak maiz erakutsi digu onartezina gerta zitekeela: estradizioak, hamarnaka euskal militante politikoren kontra galdeginak izan diren euroaginduak (Segi, Askatasuna, Udalbiltza...), legedi eta auzitegi berezien izaera Paris eta Madrilen, torturaren erabilpena espainiar komisaldegietan, alderdi politikoen debekatzea, bi egunkariren hestea eta bertako kazetariak torturatu eta presondegiratzea, atxiloketa masiboak, Jon Anzaren desagerpena eta heriotza. Guzti hori eguneroko ogia da, errepresioa normalizatua da, Euskal Herriak eta euskaldunek egunero bizi ditugun egoerak dira. Hau posible egiten da, Espainia eta Frantziako alderdi politiko nagusiek, lekuan lekuko konplizeekin, baimentzen dutelako, defendatzen dutelako eta horietarik batzuen kasuan, isiltasunaren aitzakipean egiten uzten dutelako. Zuen ardurak hartzeko ordua da !

Kasazio gorteak eman duen emaitzak ez nau harritu. Aspalditik genekien, euskal aferetan, espainiar eta frantziar justizien papera erabaki politikoak aplikatzea dela. Seysses-en presondegiratu nindutenetik jokoa Egina zen, beste guzia itsura hutsa zen, maskarada polit bat. Guzi hori beren helburuetara heltzeko, Batasuna eta ezker abertzale osoa behin betiko debekatzea, eta gehiago, hala iduritzen bazaie. Legez kanporatze iluna, eskuz eskuz Espainiarekin daramatena.

Beste behin ere, argi gelditzen da estatu frantsesa euskal gatazkaren parte hartzaile zuzena dela. Euroagindu hau onartuz, Parisek bere hautu politikoak berretsi besterik ez ditu egiten: errepresioa eta Euskal Herriaren ukapena; gataz- karen oinarrian den ukazioa. Ez da aterabide justurik izanen Frantziak ipar Euskal Herriaren izaera onartzen ez duen bitartean.

Pausu errepresibo hau, ezker abertzalea gatazkaren konpontzeko prozesu demokratiko baten aldeko urratsak ematen ari denean gertatzen da. Nere kontrako euroagindua eta ezker abertzalea ilegalizaturik mantentzea oztopoak besterik ez dira bide hortarako. Gatazkaren aktore guziek parte hartu behar lukete prozesuan normaltasun osoz, eta zentzu hortan, ezker abertzalea legeztatua izan behar litzateke Euskal Herri osoan eta honen kontrako prozedura guziak bertan behera utziak.

Errepresioa eta probokazio hauek direnak izanik ere, prozesu demokratikoaren aldeko engaiamendua berresten du Batasunak. Eta ahal dugun guzia aginen dugu hori bururaino joan dadin.

Ez dut nere burua espainiar agintarien esku uzteko asmorik, ez eta Frantziari euroaginduaren aplikapena erresteko ere. Azken egunetan, nere biziak aldaketa zonbait izan ditu. Preseski, nere ekimen politikoa debekatua da Frantzian, Espainian eta Euskal Herrian.

Ez dut gordetzea beste hauturik, Batasunaren baitan dudan ekimen politikoa segitu ahal izateko. Kontrol judiziala bertan behera uztea erabaki dut beraz eta nere burua ez gehiago publikoki erakustea. Euskal Herrian naiz, zuen artean, zuei esker eta atea ideki didaten hainbat eta hainbat lagun eta sustengatzaileri esker. Euskal Herrian bada sekulan kenduko ez diguten balore bat : elkartasuna.

Milesker deneri, hurbilekoak, lagunak, militanteak, hautetsiak... egin duzuen lanagatik. Zuek gabe, guzti hau ez zitekeen posible izanen. Segi dezagun lanean, elkar gaitezen, errepresioaren kontrako harresia eraik dezagun denen artean, gatazka konpontzeko baldintzak eraik ditzagun, ipar Euskal Herriaren ezagutza politikorako baldintzak sor ditzagun.

Gutuna bukatzeko, militante presondegiratu edo iheslarientzat gogoeta bat izan dezazuen eskatzen dizuet, bai eta beren familientzat ere, urte ondarreko besta hauek, beren hurbilekoengandik urrun pasako bait dituzte.

Milesker.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo