Ariane Kamio Kazetaria
Antzutasuna besterik ez da
Euskal kultura zer den zehazki azaltzea buruhauste latza da gaur egun. Euskarazko sorkuntza hutsak dira euskal kultura? Ala Euskal Herriko ohiturak erarik zurrunenean jarraitzen dituzten korronteak? Euskal Herrian sortzen den edozer da euskal kultura? Gaztelera edo beste hizkuntza bat baliatuta Euskal Herriaren inguruan eraikitzen den zerbait al da? Zein espazio biltzen du gaur egun euskal kulturak? Zein eremutan mugitu behar luke euskal kulturatzat jo beharko litzatekeen horrek? Hamaika galdera bururatu eta aireratu litezke afera horren inguruan, baina erantzun zehatz gutxik agertzen dute era argigarri batean galera geldiezinean sartuta dagoen funtsaren ziorik.
Handinahikeriak jota-edo, egitasmo harroekin erlazionatuko da aurrerantzean euskal kultura; Tabakalerako proiektua (70 milioi euroko kostuduna) eta etorkizunean Sukarrietan eraiki nahi den Guggenheim berria dira bi erakusle garbi. Zenbateraino izango dira horiek, eta beste asko, euskal kulturaren sustaleku? Krisiari urrezko monumentuak eraikiko zaizkion garaietan, ekonomiaren azpitik geratzen da oraindik orain euskal kulturak merezi eta behar duen definizioaren eta sustapenaren bilakaera.
Guggenheim berria bai ala ez, Tabakaleraren berrikuntza proiektua, Chillida-Lekuren itxieraren afera, Balentziaga museoaren baitan izandako irregulartasunak... Eztabaida kulturalak ala eztabaida ekonomikoak dira azken batean euskal kulturari atxiki zaizkionak? Non geratzen dira euskara, dantza, antzerkia, literatura eta musikaren beharrizanen gogoetak?
Aurtengo Durangoko Disko eta Liburu Azokak jendearen kultura egarria agerian utzi bazuen ere, Ahotsenea izan zen azokak behar zuen arnas osoa. Auzolanetik sortutako proposamena, herriaren kultura herriarentzat eskaini ahal izateko. Baina zurrunbilo hark ere barealdia izan du, eta euskal kulturaren kontsumoak Eguberrien ondoren oraindik bareago izaten jarraituko du datorren urtean Landako Guneak ateak irekiko dituen artean. Euskal kulturak urte osoan behar ditu hiztunak, irakurleak, entzuleak, ikusleak, igorleak eta hartzaileak. Gainontzekoa, antzutasuna besterik ez da.