GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Europako garraioko anabasarik larriena ez da eguraldiak eragindakoa

Anabasa» hitzak definitu du egunotan Europako garraioaren egoera. Londresko Gobernuak prest omen du armada aireportua garbitzeko. Aireportu pribatu batek gutxieneko zerbitzuak eskaintzeaz arduratu beharko luke; beraz, hori ez litzateke Gobernuaren ardura izan behar. Ez da kasu bakarra, eta, pribatizazioaren bideak, enpresen irabaziez gain, zer-nolako ondorioak dakartzan erakusten du. Bruselan joan den asteburuan 3.000tik gora bidaiari lurrean gelditu ziren; hori gutxi balitz, atzokoan, hegazkinentzako izotz-kontrakoa agortu egin zen. Alemanian ere kaosa izan zen nagusi garraiobide guztietan... Anabasaz aritu zen atzo Europako Batzordea bera ere, eta horrenbeste hegaldi bertan behera gelditzea onartezina dela salatu zuen, gutxieneko zerbitzuen lege baten falta agerian utzita; halaber, hobeto prestatzeko eskatu zien Europako aireportuei. Europako egunotako hotz bolada ez da tankerako lehena, eta, adituek diotenez, gero eta gehiago egongo dira; hala ere, aurreikuspenak kaosaren ondorenerako gordetzen dituztela dirudi.

Europako garraioan kaosa nagusi da, baina, erantzukizuna, eguraldian baino areago, gobernuen kaosean bilatu beharko litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo