GARA > Idatzia > Kultura

Jose Antonio Arana euskaltzain osoari eman dio Manuel Lekuona saria Eusko Ikaskuntzak

Mende erdi luzean izandako «euskal kulturarekiko konpromiso eta lanaren onarpen gisa», 1988tik geroztik euskaltzain oso denari emango diote 2010eko Manuel Lekuona saria. Ekitaldiaren eguna ez dute zehaztu.

p042_f01_97x140.jpg

GARA | DONOSTIA

Jose Antonio Arana Martija (Gernika, 1931) euskaltzain osoari emango dio Eusko Ikaskuntzak 1983tik geroztik urtero ematen duen Manuel Lekuona saria. Errekonozimendua, erakundeak atzo azaldu zuenez, «mende erdi luzean zehar izandako euskal kulturarekiko konpromiso eta lanaren onarpen gisa» ematea erabaki dute. Sari preziatua Remigio Mendiburuk brontzean egindako eskultura da. 1988tik geroztik Euskaltzaindiko euskaltzain oso den Aranak ekitaldi publiko batean jasoko du, eguna oraindik zehazteko dagoen arren.

Denboraldi batez estatu frantsesean erbesteratuta egon ondoren, Humanitate eta Musika ikasketak egin zituen Aranak eta aurrerago, Gasteizko seminarioan Zuzenbide eta Ekonomia Zientzietako lizentziatura eskuratu zuen.

Hogei urte zituela, eta 1950. urtetik aurrera, zenbait enpresatan aritu zen lanean eta bitarte horretan garatu zituen musika, euskara, historia, folklore eta dokumentazio ikerketak. Hain zuzen arlo horretan, euskal musikaren ikerketa eta dibulgazioan egindako lanagatik, Arana irudi aktiboenetakotzat jotzen da.

Autorearen lana zabala da eta, zentzu askotan, oraindik gainditu gabea. Hori da 1976. urtean argitaratu eta ondoren berrargitaratu den «Música Vasca» liburuaren kasua, tokiko musikaren historiaren inguruan egindako lehen bilduma baita honakoa. Lan global, zabal eta dokumentatua izan zen eta orain arte gai horren inguruan argitaratutako bakarra da.

Musikarekin harreman estua izanik, halaber aipatzekoak dira Santa Cecilia eta Gernikako Andra Mari abesbatzen sorreran eta zuzendaritzan egindako lanak ere. Euskal musika sistema hobetzeko egindako txostenak ere asko dira.

Azkue eta lehen urratsak

Zailtasun uneak ere igaro zituen gernikarrak, batez ere frankismo garaian. Bere pentsamenduengatik eta politikarekin lotzen zuen konpromisoagatik kartzela ezagutu zuen diktaduran eta hainbatetan preso egon zen. 1969. urtean, lehen kartzelaldiaren ostean eta langabe, Euskaltzaindira hurbiltzen hasi zen aurrenekoz. «Azkueren liburu eta paperak zuzentzen hasi nintzen eta gero liburu katalogatzen. Garai hartan, Erriberako bibliotekan mila liburu egongo ziren. Orain ehun mila izango dira. Denak katalogatuta. Neuk hasi nuen katalogazio lana. Ez da harrokeria, baina lan asko egin dut nik hor», adierazi zuen «Argia»ri eskainitako elkarrizketa batean.

Ikerketak eta argitalpenak inoiz alboratu gabe, Euskaltzaindiko liburuzain izan da 1978tik eta hamar urte geroago, 1988an, euskaltzain oso izendatu zuten Jose Antonio Arana. Elkarrizketa berean aitortu zuenez, bere ustez Euskaltzaindiak bere egitekoa euskararen araudira mugatu behar du. «Orain -zioen-, euskararen defentsan, euskararen aldeko lanean, erakunde gehiago daude, asko daude, zorionez». Ia laurogei urterekin, aitortu zuen ez dela Euskaltzaindiko bilera guztietara joaten ez duelako «derrigorrezkoa».

BESTE SARITUAK

1983an eman zuen aurrenekoz Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria, euskal kulturako ordezkariei beren lana aintzatetsiz. Jorge Oteiza eskultoreak, Justo Garate idazleak edota Menchu Gal margolariak ere jaso dute saria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo