GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Erremontea Buruz buruko Orona txapelketa

Lurrin garestienak bezala, onenak formatu txikian

Koteto Ezkurra, Urrutia I.a, Patxi Zeberio eta Julen San Miguelek jokatuko dituzte finalerdiak Galarretan.

Jon ORMAZABAL

Egun hauetako iragarkiak betetzen dituzten perfume garesti horiek formatu txikiko botilatxoetan saltzen dituzte eta horien ereduari jarraituz, kalitate goreneko buruz buruko txapelketa txiki bat antolatu dute Gabon hauetarako. Festa hauetan erremonteak ez du oporrik hartuko eta kartelerak betetzeko bakarkako lehian emaitzarik onenak lortu dituzten pilotariak aukeratu dituzte, Koteto Ezkurra, Miguel Mari Urrutia, Patxi Zeberio eta Julen San Miguel, azken hiru txapeldunak eta azkeneko txapeldunordea, elkarren artean lehiatzeko.

Casino Kursaal txapelketan jokatzeko aukera koadro guztiari zabaldu zioten bitartean, Orona Txapelketa honetan formatua laburtu dute eta hiru partida jokatuko dira, tartean lehenaldiko arantza dexente kentzeko daudelarik. Lehiakide guztien artean, Casino Kursaal txapelketako hamalau txapel biltzen dituzte.

Lehen finalerdia ostegunean jokatuko dute Koteto Ezkurra eta Miguel Mari Urrutiak. Abuztuaren 28an, txapela berriro janzteko faborito nagusia zena kanporatu zuen Doneztebeko aurrelariak. Aspaldi ez bezala, Koteto ez zen faborito irten kantxara, dirua Saldiasko atzelariaren alde 60-100 atera zen, baina kirolak ez dio apustuari erreparatzen eta aurrelariak 24-30 irabazi zion, finalerako sailkatuz.

Urtezaharreko beste finalerdiak ere badu aurrekaririk aurtengo lehia nagusian. Abuztuaren 7an izan zen eta egun horretan San Miguel nagusitasun osoz finalerdietako ligaxkarako sailkatu zen, Zeberio II.ari, 2006-2007 txapeldun eta 2008 eta 2009ko txapeldunordeari, 25-30 irabazita.

Gertatzen dena gertatzen dela, urtarrilaren 8an Galarretan jokatuko den finalak partida bikaina izateko aukera handiak ditu, zeresanik ez, Koteto Ezkurrak eta San Miguelek aurtengo buruz buruko txapelketaren finala errepikatzen badute. Irailaren 4an jokatutako partidan, Doneztebeko aurrelari handiak bere hamargarren txapela jantzi zuen 30-24 irabazi ostean.

Baina beste bi lehiakideen arteko finalak ere ez lioke inolako inbidiarik izan behar, klasiko baten errepikapena bailitzateke -2009, 2008 eta 2006ko finalak elkarren aurka jokatu zituzten-.

Lapurdira

Erremontea erabat nafarra eta gipuzkoarra den arren, Gabonetako Martiko txapelketaren finalerdi bat Hendaian jokatuko da, eta bestea, berriz, Eugin jokatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo