GARA > Idatzia > Ekonomia

Urnietako Esnelat enpresak gutxienez hilabetez eten beharko du ekoizpena

GARA |

Esnelat esne enpresak gutxienez hilabetez eten beharko du ekoizpena pasa den asteazken gauean enpresako instalazioetan izandako sutearen ondorioz. Esnelat enpresa baitan hartzen duen Iparlat taldeko Manuel Arbide lehendakariak atzo Efe agentziari azaldu zionez, suteak kalte garrantzitsuak sortu ditu Urnietako lantegian, eta, ondorioz, ezingo dute esnearen ontziratze lana egin.

Oraindik kalteak zenbatu ez badituzte ere, fabrika berriz martxan jartzea «nahiko korapilatsua» izango dela onartu zuen Arbidek. Ildo horretan, horretarako «gutxienez hilabete» beharko dutela azaldu zuen. Era berean, taldeak Kantabrian eta Bartzelonan dituen beste fabriketara lana desbideratzea ezinezkoa dela ere adierazi zuen Iparlateko lehendakariak.

Egoera ikusita, Pascual, Puleva eta Central Lechera Asturiana enpresek Esnelaten ontziratze lana beren fabriketan egitea eskaini dietela jakinarazi zuen Arbidek. Eskerrak emateaz gain, uneotan enpresa horiekin negoziaketetan ari direla azaldu zuen.

Kalteen balioztatzea

Arbidek adierazi zuenez, perituak atzo bertan izan ziren Urnietako fabrikan. Hala ere, kalteak balioztatzea «oso zaila» izango dela ziurtatu zuen.

Iparlateko lehendakariak azaldu zuenez, suak eta sugarrek sorturiko beroak kalteak eragin zituen enpresako teilatuan, baita hainbat hoditan ere. Hala ere, kalte handienak biltokia dagoen eremuan gertatu zirela argitu zuen.

Suhiltzaileek suteari aurre egitea lortu ostean, ontziratzeko makinak salbatzen saiatu ziren enpresako arduradunak eta horretarako hainbat garabi eraman zituzten lantegiaren inguruetara. Bien bitartean, egun osoan zehar, suhiltzaileak fabrikako materialak hozteko lanetan ibili ziren, plastikozko bobinak eta paketatzeko materiala tartean, guztiak ere oso prentsatuta.

Suteak ez zuen zauriturik eragin. Hala ere, hainbat langile enpresatik bertatik atera behar izan zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo