Iratxe Esnaola | Informatika ingeniaria
Eredu berri baten beharra
«Sinde Legea»-ren polemikaren harira, hori partzialtzat joz, egileak beste eztabaida baten beharraz ohartarazi nahi du, «etorkizunean funtzionatuko duten ereduak sortu beharraz», alegia. «Pirateria»-ren kontzeptuari desegokia deritzo, eta «jabetza intelektualaren erresumaren» kontrako ustezko gatazkan, iraganeko errezeta okerrak erabiltzea salatzen du. Kulturaren industriaren egokitze beharra defendatzen du, «negozio-eredu berrien» diseinua.
Azken asteotan espainiar Estatuko «Sinde Legea» bolo-bolo ibili da. Ez, ordea, bere osotasunean. Lege horren zati konkretu batean kokatu da eztabaida. Zati horrek jarri ditu politikariak urduri; zati horrek beldurtu ditu, gerora hauteskundeetan garesti ordainduko dutelako ustean. Eta, hori horrela, zati horren gainean egin dira alderdi ezberdinen arteko bilerak. Zati horrek astindu ditu aurrez indarrean zituzten akordio eta hitzarmenak. Eta zati hori izan da, azkenean, legearen behin-behineko onarpena ezinezkotzat bilakatu duena. Orain espainiar Senatuaren esku geratu da.
«Sinde Legea»-ren zati horrek Interneteko deskargei egiten die erreferentzia eta deskarga horiek ekiditeko helburuarekin, webgune batzuen itxiera juristen esku uztea lortu nahi dute. Eta egia da «Sinde Legea»-ren eztabaida atal horretara bideratu dela, baina atal horren baitan, benetako eztabaida desbideratu egin dute, noski, ezin zen bestela izan. Ezinbestekoa izan zaie, gainera, ezin baitute beste ezer egin. Kulturaren industriaren krisiaren erantzuleak Internet bidezko deskargak ahalbidetzen dituzten webguneak direla esan behar dute eta, hortaz, finean, erabiltzailea bera dela krisi hori sortu duena. Eztabaida, ordea, negozio eredu berri baten beharrean kokatu behar da. Kultura sortu, banatu eta kontsumitzeko modua aldatu da, hein handi batean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiei esker (IKT, hemendik aurrera). Aldaketa hori, gainera, modu oso naturalean barneratu dute erabiltzaileek, funtsean, herritarrek. Eta, beraz, aspaldiko ereduak mantentzeko legeak sortzea, bere definizio gardenenean, ez da politikoki salgarria. Neurri atzerakoia da: XX. mendeko funtzionamendua XXI. mendean legearen indarrez mantendu nahi baitute. Eta hori iraingarria da. Eztabaida beste bat da, ezbairik gabe: alegia, etorkizunean funtzionatuko duten ereduak sortu behar direla, halabeharrez.
Eztabaidatik desagerrarazi behar den lehen kontzeptua «pirateria»-rena da. Pirateriak marko kontzeptual bat sortzen du, egoera erreala definitzen ez duen marko kontzeptual desegoki bat. Kultur ekoizpenak deskargatzeagatik piratak omen gara: lapurtu egiten dugula; zerbait edo «norbait» erasotzen dugula. Javier de la Cuevak, teknologietan aditua den abokatuak, «jabetza intelektualaren erresuma» gisa definitzen du «norbait» hori. Erresuma hori, autore, musikari, artista eta, oro har, egileek egindako lanaren banaketa kudeatu eta kontrolatzetik bizi diren erakundeek osatzen dute (SGAE espainiar Estatuan, SACEM frantziar Estatuan). IKTen aurreko garaiko erresuma da, ordea, erasota sentitzen dena; IKTekin artista eta kontsumitzailearen arteko kateak ez dituelako hainbeste bitartekari behar; eta, beraz, egungo testuinguruan jokoz kanpo sentitzen direlako; euren lekua bilatzen ez dutelako; Eta horregatik erabiltzen dituzte «pirateria» eta «jabetza intelektuala» kontzeptu oker eta nahasiak. Izatekotan ere, «egile eskubideez», «kopia ilegalez» edo «kopia ez baimenduez» hitz egin beharko ligukete. Hasteko, beraz, eztabaida ez da kontzeptu egokien gainean kokatzen.
Baina marko kontzeptualak ez dira nahigabe sortzen, ez eta helbururik gabe ere. «Pirateria» eta «jabetza intelektuala» kontzeptuen erabilerak bi kolektibo oso argi banatzen ditu. Batetik, «piratak» erabiltzaileak dira, kultura deskargatzen dutenak eta, horren guztiaren ondorioz, kulturaren industria jasaten ari den krisiaren erantzuleak omen direnak. Bestetik, «jabetza intelektuala» kontzeptua erabiliz, artisten eta, oro har, kultur ekoizpenean diharduen sortzaileen kolektiboari egin nahi diote erreferentzia. Baina, egun, sortzaileak SGAE edo SACEM bezalako erakundeen esku beren lanen eskubideak uzten dituztenak dira soilik? Ez dago beste artistarik, bestelako sortzailerik? Horiek dira, soilik, kultura ekoizten dutenak? Ez, noski. IKTek, arestian aipatu bezala, kultura banatu eta kontsumitzeko ohiturak aldatzeaz gain, kultura sortzeko modua ere eraldatu dute. Herritarra sortzaile izatetik gertuago dago. Sortzaile izan daiteke, SGAE edo SACEMekin loturarik izan gabe. Beraz, «Sinde Legeak» noren egile eskubideak defendatzea du helburu? Sortzaile guztiena oro har, edo kulturaren industrian XX. mendeko parametroetan funtzionatzen duten horienak soilik? «Sinde Legea»-ren onuradunak, zalantzarik gabe, sortzaile batzuk dira soilik. Kasu honetan ere, beraz, legearen aplikazioaren onuradunen gaineko eztabaida desbideratu egin behar izan dute.
Era berean, eta aurrez adierazi bezala, kulturaren industria deitzen duten eremuan ematen den krisiaren azken erantzulea Internet erabiltzailea edo herritarra dela errepikatzen digute etengabe. Baina ez al dira bada beraiek, erresuma horren parte direnak, euren lekua bilatzen ez dutenak? Erabiltzaileak badaki zer duen nahiago: eskuragarria den kultura, modu azkar eta errazean partekatu daitekeena. Vicent Partal kazetari katalanari entzun nion: «Erabiltzaileak eraginkortasuna bilatuko du; deskargatzeko aukera legez desagertzen bazaio, beste bide bat sortuko du». Alegia, herritarra kultura eskuragarriagoa dela sentitzen duen testuinguru batean kokatuago dago eta, hortaz, ezin zaio eskuragarritasun hori murriztu. Alderantziz: eskuragarritasun hori mantenduz, artistak zein herritarrak onuradunak diren eredu berri baten beharra da agerian geratzen dena. Hor dago benetako hutsunea. Hori da arazo erreala.
Copyrightaren defentsa sutsua dago «Sinde Legea»-ren atzean. Baita abenduaren 15ean frantziar Estatuan indarrean jarri zen Hadopi Legearen oinarrian ere. Lege horiekin, epaileek erabakiko dute zein diren itxi behar diren webguneak eta zeintzuk ez. Eta Internet hornitzaileak webgune horietara sarrera debekatzera behartuak izango dira. Hau da, funtsean: epaileek eta, hortaz, gobernuek erabakiko dute zer den Interneten egin dezakeguna eta zer ez.
Eta, noski, Wikileaks-ek ere badu bere tartetxoa kontu honetan. Wikileaks-ek filtratutako kable diplomatiko batzuetan agertzen denez eta, beti ere, «El País» egunkariaren arabera, AEBetan espainiar Estatuan onartu nahi duten «Sinde Legea»ren diseinuaz ere arduratu dira. Baina copyrighta ez da egungo baliabide teknologikoetara egokitzen: ez eta egungo sortzaileen kolektibo osoaren beharretara, ezta erabiltzaile eta herritarren funtzionamendura ere. Sinde eta Hadopi iraganera begira daude eta iraganeko kulturaren industria defendatzea dute helburu, «jabetza intelektualaren erresuma»-ren presioak tarteko. Copyrightaren defentsaren atzean, noski, copyrightaren inguruan biltzen diren erakunde eta interesatu guztiak ere bai baitaude.
Baina copyrighta XVI. mendean sortu zen, inprentaren asmakuntzak eragindako kopiarako aukera eta iritzi publikoa kontrolatzeko helburuarekin. Baina bost mende pasa dira eta IKTek kultura sortu, banatu eta kontsumitzeko modua eraldatzen jarraituko dute. Kulturaren industria da eredu berrietara egokitu behar dena. Kazetaritzan edota paperezko egunkarien kasuan gertatzen ari den bezala. Negozio-eredu berriak diseinatu behar dira, artisten lana babestea eta kulturaren eskuragarritasuna, biak ala biak, abiapuntu eta helburutzat hartuta. Hori da benetan eztabaidatu behar dena.