GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal herriko txoko ederretan kokatutako bost babesleku

p014_f04.jpg

Nagore BELASTEGI

Euskal Herriko mendi gehienetan aurki daiteke aterperen bat. Batzuk zahartu samar daude, eta inork ez ditu zaintzen, jada ez direlako ezinbestekoak, eta jendeak pixkanaka ahaztu egiten dituelako. Beste batzuk zaldiak edo ardiak gordetzeko bordak dira, baina askori ondo etortzen zaizkie, ekaitzak mendian harrapatuz gero, salbu mantentzeko edo busti gabe zerbait jan eta indarberritzeko.

Badira, baina, lagun talde batek edo elkarte batek hartu eta kudeaketa egokiarekin garai batean betetzen zuen zerbitzua alde batera utzita gaur egungo egoerara egokitu dituzten aterpeak ere. Honela, artzain eta mendizaleen babesleku izan ziren harrizko eraikin xume horiek, inguruan duten altxor naturala edonoren eskura jartzen dute.

Gainera, presaka eta ke artean bizi garen garai honetan, egunerokotasun horretatik ihes egiteko balio duten landetxeak modan jarri dira azkenaldian. Naturarekin konektatzeko beharra gero eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da, egun batzuk lasai pasatzeko edo, alderantziz, edozein egunetan egin ezin daitezkeen ekintzetan parte hartuz adrenalina askatzeko. Horregatik, aterpetxetako oheak dituzten hotel txikiak aurki daitezke herrialdeko txoko magikoetan.

Egia da udan plan ugari egin daitezkeela, eguraldi ona egiten duelako eta aisialdirako denbora gehiago dagoelako. Hala ere, neguan ere gauza asko egin daitezke etxetik urrun joan gabe, hotza alde batera utzita, asteburu guztiak berdinak izan ez daitezen.

Bakoitza tokatu zaion inguruneak ematen dionaz baliatzen da bisitariari egonaldi atsegina eskaintzeko. Batzuek haur eta helduek naturari buruzko gauzak ikasteko ekitaldiak eta irteerak prestatzen dituzte; beste batzuetan, ordea, nork bere kabuz mendian bueltaxka egitea ahalbidetzen dute. Badaude kokatuta dauden tokiagatik edo bertan gertatu zenagatik xarma berezia dutenak ere, edota erlaxatzeko uneak baztertu eta tentsio guztiak bat-batean askatzeko ekintzak proposatzen dituztenak.

Ezinezkoa da Euskal Herrian dauden aterpetxe guztien zerrenda bat egitea eta taldeetan sailkatzea ere lan latza litzateke guztiak desberdinak direlako. Hala ere, ondoren gure lurraldean topatu daitezken aterpeen bost adibide desberdin ageri dira, irakurle bakoitzak nahiago duena aukeratzeko.

BERTIZ. Abentura kirolak ea aire jarduerak ausartentzako

Bertiz aterpea Narbarten dago, Bertizko Natur Parketik kilometro eta erdira. Aterpe hau ondo pasatu nahi duen bisitariarentzat dago zuzenduta, ondo deskantsatzeko logelak eskaintzeaz gain, hainbat abentura kirol egin baitaitezke inguruan. Bertizko abentura parkea aterpetik 500 metrora dago eta bertan soka zirkuituak daude, maila eta zailtasun desberdinetakoak, lau urtetik gorakoek probatu ahal izateko. Haur eta helduentzako uretako ekintza ugari daude, raftinga, piraguismoa, arroila-jaitsiera edo hidrospeed, esaterako. Gainera, helduek paintballean lehiatzeko aukera ere badute.

Hori nahikoa ez bada, Bertizko Natur Parkera ordu erdi eskasean irits daiteke errepidetik pasatzen ez den bide batetik. Hasieran lorategi botanikoa eta azalpen zentroa daude, basoan barrena, ordea, zailtasun desberdinetako ibilbideak markatuta daude. Aterpe honek gehienbat haurrekin egiten du lan, udaberrian eta udazkenean batik bat, kurtso amaierako irteerak prestatzen dituztelako. Horiez aparte, bertara hurbiltzen direnak abentura kirolekin dibertitzera joaten dira. Aterpe hau martxotik azarora dago zabalik eta 84 lagunentzako tokia du. 12 urtetik beherakoek 13 euroren truke egin dezakete lo eta, helduek, 14,50 euroren truke. Pentsio erdia edo osoa kontratatzeko aukera ere badago, baita taldeko prezio bereziak izateko ere.

ARRITXULO. Aiako Harria eta Bianditz medietara zuzeneko bidea

Gipuzkoako mendirik zaharrenaren parajeez inguratuta, Aiako Harriaren Oiartzungo lurraldean Arritxulo mendi aterpea ageri da. Egia esan, eguraldi txarraz babesteko toki bat baino ingurumen eder batez gozatzeko aukera paregabea da. Aterpea parke naturalean kokatuta dagoenez, Aiako Harrira eta Bianditz mendietara igo daiteke bertatik. Gainera, bisitari mota guztiei zuzenduriko ibilbideak egin daitezke, zailtasun maila bakoitzari egokitutakoak.

Aterpetxeak urteko egun guztietan zabaltzen ditu ateak, Gabonetako egun berezietan izan ezik eta zerbitzu guztiak betetzen ditu. 80 ohe ditu lau gelatan banatuta eta gosari, bazkari eta afari zerbitzuak ditu, guztiak etxeko janariaz. Gainera, ikus-entzunezko gela bat du, gauean ez aspertzeko, eta wi-fia, naturaren bihotzean galduta egon arren, munduarekin konektatu ahal izateko. Bertan lo egiteak 12 euro balio du gosariarekin eta pentsio osoa aukeratuz gero, 35 euro helduentzat eta 25 euro txikientzat.

Bertara joanda, mendizaleek inguruko mendiak ondo ezagutzeko aprobetxatu ohi dute, koadrila eta talde kulturalek, berriz, parajeez gozatzearekin nahikoa izaten dute. Aste barruan gehien joaten direnak haurrak izaten dira, ikastetxeekin irteerak egiten baitituzte eta begiraleekin adin desberdinei zuzenduriko natur jarduerak egiten dituzte.

KIMU BERRI. Bide erdian atsedena hartu eta hamarretakoa hartzeko tokia

1983. urtean, Legazpiko Haztegi Ikastolako guraso talde batek herriko Ardanpilleta zelaian, Lakiola baserrietatik gora, mendiko aterpe bat eraiki zuen mendizaletasuna sustatzeko asmoarekin. Ordutik, astebururo binaka igotzen dira arduradunak aterpera, mendi batetik bestera ibili diren mendizaleen tripa-zorriak hamarretako bero batekin asetzearren. Izan ere, ia hogei urte daramatzate Ardanpilleta zelaira zuzenean igo edo bertan atseden hartzen duenari borondatearen truke salda beroa, txorizoa eta haragia zerbitzatzen.

Kimu-Berri aterpea ¯edo legazpiar gazteenek ezagutzen duten bezala, Lakiolako aterpea¯ irailetik ekainera bitarteko igande guztietan dago irekita, 9.00etatik 13.00etara. Eguraldi ona egiten duenean ohikoa da zelaian eguna pasatzera joaten diren familia eta lagun taldeak ikustea, inguruan egurrezko mahaiak baitaude, baina neguan Gorostiaga eta Arrola mendietatik jaisten diren mendizaleak izaten dira aterpera gehien joaten direnak, ibilbidean pasatako hotza salda beroarekin ahazteko asmoz.

Gehiegi nekatu gabe naturaz gozatzeko aukera ematen dute Kimu-Berri inguruko mendiek, gainera bertara joateko herritik ia aterperaino autoz igo daiteke pista zabal bati esker. Aterpean atsedena hartu eta gero, bertatik zuzenean jaits daiteke Legazpira, Oñatira, Antzuolara, bai eta Urretxura ere.

Nahiz eta Kimu-Berrin edozeinek ezin duen lo egin, aste barruan hezkuntza, kirol, aisialdi edo gizarte-kultur talde antolatuek erreserba egin dezakete bi euroren truke gaua pasatzeko. 40 pertsonentzako tokia dago, baina aurretik hartu behar da txanda eta aisialdi talde bat osatzea ezinbestekoa da. Asteburuetan ezin da inor lotan gelditu, arduradunek igandeko hamarretakoa prestatzen dutelako. Hala ere, aurten ikastoletako haurrek Kimu-Berrin egonaldiak egin ahal izateko prestatzen ari dira aterpea.

Inguru honetan egun gehiago igaro nahi izanez gero, Kimu-Berri aterpetik gertu kanpaleku txiki bat dago. Berez karabanak jartzeko ireki zuten, baina zenbait denda ere jar daitezke. Bertatik oso gertu lagunekin paintballean jolasteko aukera ematen duen zelai bat dago. Horretarako, kanpalekuko arduradunekin hitz egin behar da. Baserriz inguratutako eremu batean dago kanpalekua, Ardanpilleta zelaitik hamar bat minutura oinez, eta herriko lehen auzoetatik ordu erdira.

GRAXIANA. Akelarreen inguruan kokatutako sorginen aterpetxea

Europako sorginkeria auzirik garrantzitsuenetako bat 1610. urtean Zugarramurdin izan zena da. Gertaera horregatik du horrenbeste ospe sorginkeriak Euskal Herrian, baita 400 urte pasatu ondoren ere. Entzundako istorioez erakarrita joaten da jendea Nafarroako iparraldeko herri horretara, eta egun batzuk bertan igaro nahi izanez gero, Sorginen Aterpea ezizena duen etxe bat dago. Graxiana aterpea herrian bertan egonda, naturatik gertu sentitu nahi duenarentzat aproposa da oso.

Ez da ba kasualitatea inkisizio garaian izan zen auzi hartan, Zugarramurdiko auzian, Graziana Barrenetxea izeneko emakume bat izatea. Graziana istorioan askotan guztien gainetik nabarmentzen den sorgin bat izan zen, zaharrena zelako ¯8o eta 90 urte artean zituen, artxiboek diotenez¯ eta, ustez, akerrarekin batera, akelarreko burua zelako. Milaka istorio daude Zugarramurdiko leizeetan jazotakoei buruz, baina denborak eta erlijioak hainbeste estali duenez, bakoitzaren barnean gelditzen dira horien irakurketak.

Sorgindutako ingurune horretan izanik, leizeek eskaintzen duten mistizismoaz baliatzeko aukera ematen du Graxiana aterpeak. Herriko plazatik 50 metrora kokatuta dago, eta kobazuloetatik 300 metrora. Oinez edo bizikletaz egin daitekeen Xareta izeneko ibilbideak Zugarramurdiko koba sorginduak eta Sarakoak eta Urdazubikoak elkartzen ditu. Bestalde, Larrun mendia bost kilometrora dago. Bertara igotzeko ez da beharrezkoa mendizale aparta izatea, «tren ttipia»ri esker goiko bistak edonoren eskura baitaude. Inguruak duen xarmaz gain, aterpean kontzertuak antolatzen dituzte negu partean, eta haur taldeak joaten direnean sorginei buruzko gauzak ikasteko saioak ere eskaintzen dituzte.

Jende gehiena kobengatik eta sorginengatik joaten da Graxianara. Horregatik aterpeak berak menu «sorgindua» eskaintzen dio bisitariari. Karta, bokatak eta pintxoak ere baditu. 68 lagunentzako oheak daude eraikinean, eta horietatik 60k aterpeko prezioa dute, hau da, literatan banatzen dira. Gainontzekoak lau gela bikoitzetan banatzen dira. Literetan lo egiteak 20 euro inguru balio du, landetxean, berriz, 50 euro. Graxiana urte osoan dago irekita, urtarrileko azken astean eta otsaileko lehenengoan izan ezik.

XOXOTE. Herritarren ekimenez aurrera eramandako mendiko aterpea

Izarraitz mendilerroak Azkoitia, Azpeitia eta Deba udalerriak batzen dituen ingurune geografikoa da. Izarraitzek Deba eta Urolaren behe-ibarren arteko lurralde basatienak batzen ditu eta kostalderaino zabaltzen dira mendiak. Ingurune horretan naturaz erosotasunez gozatzeko aukera ezin zen falta, eta zerbitzu hori eskaintzeko Xoxote aterpea dago.

Garai batean aterpea ardiak gordetzeko txabola baino ez zen, baina eguraldi txarrak harrapatutako mendizaleek ere babesteko erabiltzen zuten. 1970. urtean txabola erre egin zen, eta orduan sortu zen aterpe bat egiteko ideia. Hala, herritarrek egindako lanari esker 1984ean aterpea irekitzea lortu zuten.

Eraikinak bi logela ditu, bata 20 oherekin eta bestea 12rekin. Bertan lo egiteaz gain, hamaiketakoak, bazkariak eta afariak ematen dituzte. Gaua bertan pasatzeagatik federatuek 5 euro ordaindu behar dituzte eta ez federatuek, 8 euro. Xoxoteko aterpea urte osoan dago irekita, udaberrian, udan eta udazkenean egunero, eta udako hilabeteetan, hau da, azaroan, abenduan, urtarrilean eta otsailean, ostegunetik igandera.

Aterpea eta inguruko paisaiak ezagutzera joateko hainbat ibilbide daude. Mendizale trebeak Erlora igo ostean Izarraitzeko aterpe honetara joan daitezke, eta horien artean dagoen 1.000 metroko garaiera gainditu. Haurrekin txangoan joan nahi izanez gero, Azkarate gainetik eta Madariaga auzotik igarota erraz irits daiteke. Aterpea Xoxote mendiaren alboan dagoenez, bertatik abiatuz ere ibilbide lasaiak presta daitezke. Hori oso aproposa da urte osoan joaten diren haur taldeentzat, ikastolako txangoetan edo udalekuetan parte hartzen dutenek ondo pasatzea baitute helburu.

Xoxoteko aterpeak mota guztietako bezeroak izaten ditu. Batzuek mendi buelta egin eta gero, mokadutxo bat hartzen dute bertan, beste batzuek familia edo lagunartean gaua pasatzera igotzen dira, eta bazkaltzera eta arratsalde alai bat pasatzera igotzen direnak ere badira.

Aterpe honek asteroko jazoera aipagarrienak biltzen dituen bloga du. Adibidez, martxoan bisitari batzuek bidalitako argazkia argitaratu zuten; ekainean Asteasuko haur talde batzuk izan ziren; azaroan bikote estatubatuar bat gerturatu zen paraje eder horiek ezagutzera; eta abenduan Donostiako Zuzenean taldea joan zen.

bertiz abentura kirolak eta aireko jarduerak ausartentzako
arritxulo aiako harrira eta Bianditz mendietara zuzeneko bidea
Kimu-berri bide erdian atseden hartu eta hamarretakoa hartzeko tokia
Graxiana akelarreen inguruan kokatutako sorginen aterpetxea
XOXOTE herritarren ekimenez aurrera eramandako mendiko aterpea
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo