Iruñeko Gazteriaren Etxean Andeetako eguneroko bizimodua ikus daiteke bilduma berri batean
GARA | IRUÑEA
Iruñeko Gazteriaren Etxeak Andeetako baserri-giroko eguneroko bizimoduari buruzko irudi eta taulez osatutako bilduma bat izango du datorren hilaren 7ra arte. Erakusketa hau «Gazteak hegoaren bila» lehiaketa irabazi zuen gazte taldeak antolatu du.
Hogei irudi eta panelek talde horrek Perun iragan zuen udan jasotako bizipenak erakusten dituzte, bai eta Nafarroako Medicus Mundi bertan aurrera eramaten ari den bi lankidetza proiekturen nondik norakoak eta bertako bizimodua ere.
Medicus Mundiren egitasmoa
Gobernuz kanpoko erakunde honek antolatu du bidaia hori, bai eta aipatutako lehiaketa ere. Gaur egun hamar osoko garapen eta osasun proiektu daramatza inguru horretan, hala, bertako 50.000 pertsonari laguntza eskainiaz.
Erakusketak Andeetako Mara eta Ayabaca komunitateetako eguneroko bizimodua islatzen du etxebizitzaren, lanaren, emakumearen eta haurtzaroaren inguruko irudiak erakutsiz.
Kontrastez jositako herria
Bost neskek Peruren benetako irudia ikusi ahal izan zuten erakusten ohi denaren gainetik. Izan ere, alde handiak jasotzen ditu nagusiki hiru zonaldetan herrialde horrek: alde batetik Lima hiriburua; bestetik, iparraldeko mendilerroa eta, azkenik, erdiguneko Andeetan. Nahiz eta lurralde berean kokatze diren hiru toki horiek, ezberdinak dira oso, bai bizitza mailari dagokionez, baita bertako biztanleen bizimoduari dagokionez ere.
Hala, Limako Miraflores auzoko luxua edota gasez egindako argiz betetako eta plastikoz eta egurrez egindako txabolaz sortutako Pachacutec (bertako «herri gazte»etako bat) ilun eta hezea ezagutzeko aukera izan zuten bost nafarrek.
Bilduma hau egiteko Raquel Domench, Laura Gonzalez, Cristina Cirauqui, Virginia Gonzalez eta Isabel de Miguel aritu dira lanean eta bidaian zehar ateratako 5.000 irudien artean aukeraketa egiteko zailtasunak izan zituztela onartu zuten. Hala, egindako lanarekin bertan izandako hamabost egunetan ikusitakoen eta bizitako esperientzien ahalik eta irudi leialena ematen ahalegindu dira.
Bilduma Burlatako kultur etxera igaroko da hilaren 12an. Izan ere, erakusketa Medicus Mundik antolatutako Gabonetako kanpainaren barruan egindako egitasmo bat izan da. Horrekin batera, Mercaderes kalean kokatutako elkartasun denda ere ireki dute, Kongon abiatzeko asmoa duten beste proiektu baterako dirua jasotzeko asmoz.
Hala, irudiak ikusteko ordutegia honakoa izango da: astelehenetik ostiralera arratsaldez egongo da irekita, 18.00etatik 20.30era; larunbatetan, berriz, 12.00etatik 14.00etara; eta hilaren 6an itxita egongo da.