Jose Egia
Giza talde askea
Mikel Urdangarinek Bilboko Kafe Antzokian eskaini zuen kontzertu paregabean, abesti baten atarian, zera esan zuen: «Hasieratik erakusten zaigu gogorrak izaten, negarrik ez egiten, eta gerora, bizitza osoa ematen dugu segurtasun horren bila; agian, bizitza samurragoa litzateke, hasieratik esango baligute hauskorrak garela...». Ederra egin zitzaidan norberaren hauskortasunaren inguruko aitorpen hori, norberarengan ez ezik gizaki ororengan ere badena, gizon baten ahotik entzutea, mikrofono batetik eta ikusle ugariren aurrean ozenki eta sakonki, lotsa barik, esanda. Ederra delako irudikatzea aldez aurretik ezarritako rolik gabeko giza taldea. Oso ederra indartsuen eta ahulen arteko muga ezabatua, eremu bakoitzean denok egon gaitezkeela eta egoten garela onartzea.
Zu, gizon gogor, seguru eta babeslea, arrakalarik gabea, une oro sendo eta trinkoa; ni, emakume hauskorra, beste pertsona indartsuago baten behartsua, sentimenduen jabe zilegia, negar lasai egin dezakedana. Ederra eta errazagoa litzateke, bakoitzarentzat eta elkarbizitzarentzat, hori gezur hutsa dela onartzea, eta bizitza lorez jositako ibilaldia ez den heinean, denok hartzen gaituztela tristurak, hutsuneak, larritasunak eta beldurrak; naturaltasunez onartzea denok behar ditugula, tarteka, besarkadak, hitz beroak eta laguntza. Kanpokoen mirespena jasotzearren plantak eta itxurak egiten bizi beharrean, norberaren osasuna urratzeaz gain, ezer ez dakarkiotenak inori.
Ez, behintzat, gizon eta emakumeon arteko aukera-berdintasuna lortzeko helburuari. Ez baita posible erronka hori irabaztea pertsonaren nortasunari erreparatu ordez, aurretiko parametro finkatu eta zaharkituei heltzen jarraitzen zaienean. Sexu batekoa ala bestekoa izate hutsagatik zenbait ezaugarri eta ahalmen berez izango bagenitu bezala. Ezin liteke aukera-berdintasunaz hitz egin aukerek badutenean aurpegi jakina, esparruaren arabera gizonezkoarena edo emakumezkoarena, eta aurpegia aldatzeko ahaleginean norberaren bizitzaren bestelako alderdiei uko egitera behartuta gaudenean. Seme-alabak hezi ala ibilbide profesionalari eutsi, ogibide hau ala bestea aukeratu eta gaitasuna beste inork baino gehiago frogatzeko betebeharrean osasuna urratu, lanpostua lortu eta sexuaren araberako ohiko jokamoldera egokiaraziak izan...
Baita alderantziz ere, baita gizonezkoek ohikoak ez dituzten aukerak egiten dituztenean ere sorrarazten zaizkien sentimenduak: porrota, ahulezia, gutxiagotasuna, gizontasun eza... Gizona izateagatik ukatuta izango balituzte bezala zenbait bizimolde, zenbait jarrera, zenbait amets eta grina. Kanpotik gaitzetsiak, barnetik ere zailduak. Arrakasta, indarra eta segurtasuna erakustera kondenatuak.
Denok izan beharko genuke bermatuta, barnetik hasita kanpokoa ere desberdina izan dadin, geure nortasuna erakusteko eta garatzeko aukera; denok gizaki ez-perfektu eta hauskor garela mugatuak izan barik bizitzeko aukera; jendartea gaixotu eta geldiarazten duten estereotipo faltsu eta absurdoak suntsitzeko aukera.
Ederra litzatekeelako aldez aurretik ezarritako bizimodu mugatu gabeko giza taldea osatzea.