GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elkartasuna multimediaren bidez erakusteko webgunea

Gabonak familia eta lagun guztiak biltzeko garaia da, baina asko ezin dira hurrengo urtera salto egiteko egun horretan bildu, ez eta beste edozein egunetan ere, preso daudelako eta gainera etxetik urrun. Gehien maite dituztenekin egoterik ez dutenen aldeko aldarrikapenak egiten dira garai honetan urtero, eta 2011 ez da gutxiago izango.

p011_f02.jpg


Nagore BELASTEGI |


Urtarrilaren 8an euskal preso politikoen eskubideen defentsan manifestazioa izango da Bilbon, urtero bezala, urte berriari hasiera emanez etxean ez daudenak oroimenean izateko. Aurten, baina, atxikimenduak biltzeko bidea, antolatzaile ezberdinak izaki, gainontzeko urteetan ez bezala, multimedia da. Izan ere, ohiko sinadurez gain, bideoak eta argazkiak biltzen ari dira Egin Dezagun Urratsa webgunean. Bertan kolektibo eta banakakoek grabatutako bideoak dira deigarrienak, eta presoen senide, kultur eragile, sindikatu, alderdi politiko, kirolari edota jai batzordeek, esaterako, presoei elkartasuna bidaltzen diete.

Horien artean aipagarria da, adibidez, Sasoia jubilatu elkartearen mezua, non komunikatu bat irakurriz preso guztiak kartzelatik atera behar direla eskatzen duten.

Badira hain zurrunak ez diren mezuak ere. Adibidez, Iurretako bizilagun talde batek egindako bideoan abesti bat kantatzen ageri dira, era profesionalago batean Antton kantautoreak egiten duen bezala. Feministak eta Emakume Internazionalistak kolektiboko kideak ere itxura xelebrearekin ageri dira kamera aurrean, antzezlan bat hastear baitaude eta Arrasateko santamasetako eta Maritxu Kajoiko jai batzordeek mezu labur baina jendetsua helarazten dute.

Webgunearen sortzailea Beñat Zarrabeitia da eta honen esanetan, ideia berritzaile hau azken urteetan komunikazioaren esparruan aukera anitzak zabaldu direlako bururatu zitzaion eta horretaz baliatu izan nahi zuen, gaur egun «Internetera igotzeko aukera ia guztion eskura» dagoelako. Horrela komunikazio kanpaina parte hartzaile eta dinamiko bat sortu zuten. «Girotze kanpaina bat da, eta oraingoz arrakastatsua izaten ari da», esan zuen.

«Guztiak dira ongi etorriak»

Zarrabeitiaren hitzetan, azken finean Euskal Herriko eta munduko beste hainbat mugimendu sozialek jorratutako bidea jarraitzen ari dira webgune honekin, eta gainera hedabide handien blokeoari aurre egiteko bide bat da. Webgunearen asmoa euskal preso politikoen eskubideen alde mobilizazio erraldoia egitea da. www.egindezagunurratsa.info webguneak egunero bideo berri bat jasotzen du, eta ekimenarekin zerikusia duten prentsaurreko edota bestelako ekitaldien bideoak ere gehitzen dituzte editatu eta gero.

«Bideo guztiak dira ongi etorriak eta izaten ari diren oihartzuna benetan pozgarria da», adierazi zuen webmasterrak, baina nahiz eta ez duen bideo bat besteen gainetik nabarmendu nahi Errenterian egin zutena deigarria iruditzen zaiola esan zuen, jende askok hartu zuelako parte eta hunkigarria delako. Webgunea martxan jarri zenetik, 4.500 atxikimendutik gora jaso dituzte eta 50 bideo baino gehiago eta 30 argazkitik gora zintzilikatu dituzte. Oraindik editatzen ari diren bideoak dituzte eta hurrengo egunetan gehiago grabatuko dituzte, beraz, atxikimendu grafikoa bidali nahi duena garaiz dabil oraindik.

4.500 atxikimendutik gora

Argazkiak zein bideoak kom.egindezagunurratsa@gmail.com helbidean jasotzen dituzte eta gero webgunean zintzilikatzen. Hurrengo saltoa sare sozialerakoa da bertatik zabalkundea handitzen dutelako. Webgune honen kudeaketa ez da lan erraza, sortzaileen esanetan, baina oso ekimen polita eta aberasgarria izaten ari dela deritzote, erreminta berri onen fruitu onak kontuan hartuz gainera.

«Lana ematen du, baina lan atsegina dela esan genezake. Gure ideiak oihartzuna izan duela ikusteak, jendea animatzen dela ikusteak, ekimen desberdinak egiten direla eta nolabait urtarrilak 8ra begira olatu bat sortzen ari dela frogatzeak indarrez eta harrotasunez betetzen gaitu. Bilboko kaleak bete behar ditugu», esan zuen Zarrabeitiak.

 
BIDEO UGARI

Era guztietakoak dira webgunean aurki daitezkeen argazki eta bideoak, baina guztiek helburu bera dute: larunbatean Bilbon izango den manifestazioari euren atxikimendua adierazi eta bertara deitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo