Baiona
Avironek bere alderik ahulena erakutsi du Agenen
Zuri-urdinek ez zuten jokoan sartzea lortu. Hasieratik aritu ziren gaizki, bai erasoan, baita defentsan ere, eta zigor bati esker lortu zituzten puntuak.
AGEN 21
AVIRON 3
Jon LEUNDA
Agenek, mailari eusteko borrokan dabilen talde batek, amaiarazi du Avironen bolada ona. Lapurtarrak itxaropenez gainezka joan ziren Agenen zelaira, eta are gehiago joan den asteazkenean Toulonen aurka egin zuten partidaren ondoren, baina atzokoan aurpegi txarra erakutsi zuten.
Izan ere, zuri-urdinek bere alderik ahulena jarri zuten atzo agerian, eta une oro etxekoen menpe egon ziren. Erasoan ez zuten asmatu. Eskasetan eta uztartzeetan ere ahul aritu ziren, eta defentsako lanean ere inoiz baino erraztasun gehiago eman zituzten, eta horrela jokatuz ezinezkoa da irabaztea.
Gauzak horrela, etxeko taldeak ez zuen aukera alferrik galdu. Asko zuten jokoan, jaitsierako postuak atzean utzi nahi baitituzte, eta atzokoan beraiek ziruditen sailkapeneko goialdeko taldea, eta Avironek, behekoa. Baionakoek ez zuten lortu inoiz partidan sartzea, eta zigor-kolpe bati esker eskuratu zituzten hiru puntuak, baina horrek ez zuen ezertan aldatzen egindako partida txarra.
Amaieran Lievremont entrenatzaileak garbi utzi zuen atzokoa istripu bat izan zela, gaizki aritu zirela eta ahalik eta azkarren itzuli behar dutela orain arteko jokoa egitera, bestela goiko postuetan ibiltzea ezinezkoa izango delako.