GARA > Idatzia > Ekonomia

Urtarrilak estualdi berriak ekarri ditu Ipar Euskal Herrian

Urte hondarreko ospakizunen ostean, familia anitzek patrikak zuloz beterik dituzte segur aski. Larunbatetik indarrean diren zerga igoerek ez diete lagunduko Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko herritarrei. Aseguruak %2,5 eta %8 artean garestitu dira, argindarraren prezioa, %3, eta medikuntza orokorrean kontsulta bakoitzagatik 23 euro ordaindu beharko dute.

M.U. |

Urte berriarekin batera tarifa eta zerga ataletan aldaketa franko etortzen dira. Gehienetan aldaketa horiek herritarren hil bukaerak are zailagoak bihurtzen dituzte. Hala izan da Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko herritarrentzat 2011k estualdi berriak ekarri dizkie eta.

Izan ere, urtarrilaren lehenean hainbat tarifa emendatu dira. Aseguruei dagokienez, etxe-seguruetan %3,5 eta %8 arteko igoerak aurreikusiak dira eta, autoen aseguruetan, %2,5 eta %4,5 artekoak. Osasun gastuetan, oinarrizko osasun zerbitzuen gehigarriz gainerako gastuak ordaintzeko ezinbestekoak diren mutuelle izeneko aseguruetan tarifak ere, batez beste %5 igoko dituzte. Bestalde, medikuntza orokorrean kontsulta bakoitzagatik 23 euro ordainduko dute herritarrek.

EDFren faktura, argindarraren prezioa, beraz, %3 emendatu da urtarrilaren lehenaz geroztik. Gas tarifa heldu den apirila arte bere horretan utziko dute. Garraio publikoko tarifa berriak ere urtarril bukaerara arte ez dituzte iragarriko.

Isunak

Interneten kasuan, «Triple-play» (internet/telefonoa/telebista) izeneko pack bat dutenentzat, TVA %5,5etik %19,6ra igaro da. Lehen mailako isunak ere, bereziki autoa gaizki aparkatzeagatik ezarriak direnak, orain arteko 11 euroetatik 15 eta 29 euro artean ezarri dituzte.

Bestalde, finantza munduak sorturiko krisia ordaintzeko, zerga berria asmatu du Estatu frantseseko Gobernuak. Ondorioz, soldata, pentsio eta abarreko diru-sarrera guztietatik %0,8 hartuko du Estatuak. Horrekin batera, Estatuak babes soziala murriztu eta behartuen premiak estaltzeko herritarrei elkartasun zerga deiturikoa ezarri zien badira urte batzuk. %1,5 egin du gora.

Osasun segurantza ordaintzeko diru ekarpenak ere handitu egingo dira, %0,2 hain justu. Doako osasun laguntzei dagokienez, berriz, hilero 600 euro baino gutxiago jasotzen duten paperik gabeko atzerritarrek 30 euro ordaindu beharko dute sarrera gisa.

Beste zerga berri bat 2010ean Gobernuak onarturiko erretreten erreforma ordaintzeko sorturiko «zahartzaroarekiko elkartasuna» deiturikoa da. Urtero 69.783 euro baino gehiagoko diru-sarrerak dituztenek gehiago ordainduko dute, %40 ordaindu beharrean, %41.

ZERGA BERRIA

Finantza munduan sorturiko krisia ordaintzeko, zerga berria asmatu du Gobernu frantsesak. Soldaten eta pentsioen %0,8 hartuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo