GARA > Idatzia > Kultura

Indarrak batuta, gelako gaiztoei eskarmentua ematera datoz «Zigortzaileak» superheroiak

Arantza Ibarraren lehen film luzea da «Zigortzaileak», haurrei zuzendutako abenturazko pelikula. Umorez jorratu du bullying-aren arazoa eta bihar estreinatuko da Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko aretoetan.

p043_f01_148x104.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Ez nuen leziorik eman nahi. Bullying-a gaztetxoek pairatzen eta egiten dute eta beraiek ikustea nahi nuen, beraientzako film bat egin eta ez drama bat, ondo pasatu eta, bide batez, horri buruz pentsa dezaten», azaldu zuen atzo Arantza Ibarrak. Bera da «Zigortzaileak» pelikularen zuzendaria Alfonso Arandiarekin batera, eta abentura eta fantasiaz beteta jorratu du ikasgeletako tratu txarren arazoa.

«Gidoia idaztean neskato baten buruan sartu nahi nuen, bere fantasian, superheroiak sortuz ikastetxetako menderatzaileei zigorra emateko», esan zuen Ibarrak. Hamabi urteko ikasle batek kontatzen du istorioa. Leire (Amaia Aberasturi) kokoteraino dago bere lagunek jasaten dituzten burla eta irainekin. Sandra (Estibaliz Sarasola) eta Leo (Andoni Delavigne-Robles) ikaskideekin batera erasotzaileei merezitako zigorra emateko Zigortzaileak superheroi hirukotea sortuko dute, baina gelakide gaiztoenak, Anjelek (Martin Gandiaga), deskubritu egingo ditu.

Pelikulako pertsonaia nagusiak gaztetxoak dira, aurretik zineman ia esperientziarik gabeak. Aipatutakoez gain, Nikola Zalduegi, Pello Madariaga, Asier Vegas eta Izaro Baza aritu dira ikasle paperetan, beste zenbait aktore ezagunekin batera. Horien artean, Loli Astoreka, Juan Cruz Gurrutxaga, Anne Igartiburu, Carlos Sobera, Gurutze Beitia, Maite Bastos eta, gainerakoak bezala, euskaraz entzungo dugun Rafael Amargo dantzaria.

Bullying-a, transformatuta

Gaur egun komunikabideetan espazio gutxiago eskaintzen bazaio ere, ikasgeletako tratu txarrak lehen bazirela, orain ere badirela eta gero ere izango direla nabarmendu zuen Ibarrak. «Orain transformatu egin da, komunikabideetara, Internetera... Gurasoek askotan umeen arteko liskar moduan baino ez dituzte hartzen, baina arazoa hor dago», esan zuen. «Emakume bat hiltzen denean hitz egiten dugu tratu txarrei buruz eta haur batek bere buruaz beste egiten duenean, bullying-ari buruz», gaineratu zuen Beitiak. Pelikula honetan mezu bat bidali nahi izan du Ibarrak: «Ez dute isolatu behar. Denen artean elkartu eta talde bat osatuz, hobeto egingo diote aurre».

Nafarroan dagoeneko estreinatu da «Zigortzaileak» eta, bihartik aurrera, Hego Euskal Herriko gainerako herrialdetako aretoetan izango da. Ipar Euskal Herrian, oraingoz, emanaldi solteak egingo dituzte eta pelikularen egileen esanetan, ez dute telesaila egitea alboratzen.

ZIGORRA

Gurasoek eta irakasleek ezer egiten ez dutela ikusita, hamabi urteko Leire neskatoa bi lagunekin elkartuko da ikasgelako erasotzaileei aurre egin eta merezitako zigorra emateko.

Fitxa

Izenburua: «Zigortzaileak».

Zuzendaritza: Arantza Ibarra eta Alfonso Arandia.

Gidoia: Arantza Ibarra.

Interpreteak: Amaia Aberasturi, Estibaliz Sarasola, Andoni Delavigne-Robles, Martin Gandiaga, Loli Astoreka.

Herria: Euskal Herria, 2009.

Estreinaldia: Urtarrilaren 5ean (Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo