Hungaria zigortzeko prest agertu da Brusela, hedabideen lege berria dela-eta
Hungarian indarrean sartu berri den hedabideen lege polemikoak Europar Batasuneko legeria hausten baldin badu, herrialdeari dagokion zigorra ezartzeko prest agertu da Europako Batzordea. Budapest EBko txandakako presidentetzan egoteak «ez du inolako eraginik izango».GARA |
Hungariak onartu berri duen komunikabideak arautzeko legeak zeresana ematen jarraitzen du nazioartean. Europar Batasuneko legeria hausten duela frogatzen bada, Hungaria zigortuko duela ziurtatu zuen atzo Europako Batzordeak.
«Erkidegoko legediaren hausterik gertatzen bada, Batzordeak prozedurari ekingo dio, eta Hungaria EBko presidentetzan egoteak ez du inolako eraginik izango», azaldu zuen Olivier Bailly bozeramaileak.
Arauaren inguruan zalantzak adieraziak zituzten, baina Baillyk baieztatu zuenez, Hungariako Gobernuarekin hizketan ari dira, hedabideen arautze berriak legeria betetzen duenentz ikusteko.
Budapest, burugogor
Urte berriarekin batera, hilaren lehenean, EBren txandakako presidentetza hartu zuen egun berean, Hungariak komunikabideen jarduna arautzeko lege berria jarri zuen indarrean. Neurriak ez du batere harrera ona izan eta kritika ugari jaso ditu, bai Hungarian bai nazioarte mailan. Halere, Hungariako Gobernuak legea aldatzeko asmorik ez duela ziurtatu zuen atzo.
«Ez dago zertan Hungariako lege bat aldatu, kanpotarren kritikak jaso izate hutsagatik», adierazi zuen atzo Zoltan Kovacs komunikazioaren ardura duen Estatu idazkariak.
Alde horretatik, kritikak oinarri gabeak izatea gaitzetsi zuen: «Kritikatu baino lehen, itxaron dezagun lege honek nola funtzionatzen duen ikusi arte. Argi dugu eskatzen zaion maila emango duela». Bruselatik eginiko kritiken inguruan, egunotan erantzun ofiziala emango dutela ziurtatu zuen Kovacsek, AFP berri agentziaren arabera, oraindik legearen ingeleserako itzulpena amaitu gabe baitute.
Gobernuaren ordezkariaren ustez, hedabideen lege berriari eginiko gaitzespenak «aitzakia bat baino ez dira, azken zazpi hilabeteotan Gobernuak hartutako erabakien aurka egiteko».
Europako Batzordeaz gain, EBko hainbat herrialdek, Alemania kasu, testua aldatzeko eskatu diote Hungariari.
Estatu frantseseko Gobernuaren bozeramaileak atzo esandakoaren arabera, lege hori «tratatu guztiek balioztatutako prentsa askatasunaren edozein aplikaziorekin bateraezina da».
Besteak beste, erabilitako iturriak ezagutaraztera behartuko ditu kazetariak «segurtasun nazionalaren» inguruko gaietan.
Lege berriak zehazten duenez, 976.000 eurora arteko isuna ezar dakieke «interes publikoari, ordena publikoari edota moralari eraso egiten dioten hedabideei» eta «informazio partziala» argitaratzen dutenei. Alabaina, kontzeptuok ez daude zehaztuta.