GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Hiru errege, hiru dantzari

Erregeak ala Olentzero? Zenbat bider errepikatuko da galdera berbera azken belaunaldietako haurren artean? Nik aitortu behar dut, monarkikoa ez izan arren, erregeekiko badudala lotura berezi bat, eta gaur gauekoa urte osoko momenturik berezienetakotzat hartzen dudala, nahiz eta haurtzaroa atzean utzi nuenetik urte asko joan diren, edo hori uste dut.

Erregeen istorioa urte berria gogotsu hartzeko aitzakia ere badela pentsatu izan dut inoiz. Zenbatetan hitz eman dugu urte berrian egingo genituen guztien inguruan? Ohean, buruz gora etzanda; gutxiago erreko dut, kirola egiten hasiko naiz, ez dut amarekin errietarik egingo, parrandan gutxiago irtengo naiz, barazki gehiago jango dut, gorroto dudan jendearekin hobeto moldatzen saiatuko naiz...

2010eko azken zutabean, euskal kulturarentzat irakurle, ikusle, entzule, hartzaile eta igorle gehiago eskatu nituen, urte guztian beharrezkoak direnak. Ez dakit erregeek ekarri zituzten ala kalitatearen pisuak berak eraman duen Aukeran dantza konpainia Donostia, Bilbo eta Gasteizko aretoak betetzera. Euskal Herriko Gazte Orkestraren zuzeneko lanak ere izan du zeresana arrakastan, bien arteko uztartzeak eman du, azken batean, euskal kulturak aspaldian arnastu ez duen zaletasunaren emaitza.

Erregeek ekarri didate (behar baino lehenago) berriro dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko eztabaidarako ataka. Batak ez duela bestea kentzen eta arrazoitua dela bien garapena. Zertarako, beraz, euskal sorkuntzari ateak itxi Kursaaleko auditoriuma betetzeko gai bada? Garaikide ala tradizional, ez al da beharrezkoena biek ala biek ahalik eta ibilbide oparoena izatea?

Herritik sortutako kultura argi gorria piztuta bizi da egunotan. Izan ere, bere gainetik eraikitzen dira gure lurraldeetan kultura globalizatua bultzako duten egitasmo handiak. Maila apalagoan beti loratu izan den euskal kultura da, azken batean, herri kultura horren bultzadaren beharrean dagoena.

Erregeak ez dira euskal kulturaren irudirik esanguratsuenak, ez horixe, baina euskal kulturzale askoren desioak betetzen dituzte urtero urtarrilaren bostean. Urte berria gogotsu hasteko aitzakia badira, zergatik ez hurrengo urterako hiru dantzari magiko eskatu erregeak etorri beharrean? Tradizionalak edo garaikideak erabakitzeko ere eztabaida sortuko litzatekeenez, hiru dantzariak Ekialde Urrunekoak izateko eskatuko dut. Zer erremedio!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo