GARA > Idatzia > Euskal Herria

Neurri zorrotzek tabakoaren kontsumoa jaisten dute

Kataluniako Institutu Onkologikoak zuzenduriko ikerketa batean tabakoaren aurkako neurrien zorroztasunak kontsumitzaile kopuruan duen eragina aztertu dute. Hala, Europan erretzeko arau zorrotzenak dituzten herrialdeetan (Britainia Handia, Irlanda, Malta edo Suedian) erretzaileak %28 baino gutxiago dira; neurri arinagoak dituztenetan, %30etik gora.
p015_f0269160.jpg

GARA |

Leku publiko itxietan eta irekietako hainbatetan erretzea debekatzen duen lege berria indarrean denetik egun gutxi igaro direnean, adituek uste dute neurri horiek epe labur eta ertainera bihotzeko gaixotasunen eragina jaistea ekarriko dutela. Hori dio behintzat «Plos One» aldizkariak argitaratu duen ikerketa berri batek; zenbat eta neurri zorrotzagoak hartu, kontsumoa orduan eta gehiago gutxitzen dela.

Kataluniako Onkologia Institutuko tabakoaren kontrolerako unitateak egin du azterketa eta Europako erretzearen aurkako legeek kontsumoan «eragin zuzena» dutela diote. Emaitza hori tabakori buruzko Eurobarometroa eta Tabakismoaren Kontrolerako Eskalarekin (TCS) alderatuta lortu dute. Hala ikerketako partaide Esteve Fernandez Muñozek dioenez, «TCS eskalan puntuazio handiena duten herrialdeak, kontrolerako politikei esker, tabako kontsumo tasa baxuagoa dute eta erretzaile pasiboa den biztanleriaren proportzioa ere, bai etxean bai lantokietan ere, baxuagoa da».

Britainia Handian, Irlandan, Maltan zein Suedian, neurri murriztaileenak dituztenetan, erretzaileen zenbatekoa baxua da, %28,8 baino gutxiagokoa, baita besteen kea arnasten dutenen kopurua ere, etxeetan %15 eta 30 artean dago eta, %15 eta 36 artean, lantegietan.

Bestalde, TCS eskalan puntuazio eskasagoa duten herrialdeetan, Txekiar Errepublika, Alemania, Luxenburgo, Grezia eta Austria kasu, biztanleen %30ek baino gehiagok erretzen dute. Erretzaile pasiboen kopuruan, berriz, ez dago alde nabarmenik neurri zorrotzak dituzten eta ez dituzten herrialdeen artean: azken hauetan %15 eta 30 artean dago etxeetan besteen kea arnasten dutenen kopurua eta, %15 eta 36koa, lantegietan.

Fernandez Muñozen esanetan, Estatu espainolak 2005ean osatu zuen lege berriak «garapen garrantzitsua zekarren tabakoaren kontrolerako». Neurrien TCS eskalan orokorrean puntuazio handia badu ere, hainbat arlotan puntuazio txikia du Estatu espainolak: «Europa osoan tabakoa merkeen eros daitekeen herrialdeetako bat da», dio.

Gauzak horrela, Fernandez Muñoz ziur da tabakoaren salneurria garestitzea dela «tabakismoaren kontrolerako neurririk eraginkorrena». Hortaz, ikerketaren arabera, TCS eskalan %30 igo behar luke prezioak beste hainbat neurriekin batera, erretzeari uzteko laguntzak kasu (%10 igo behar luke eskalan).

Adituek aurreikusten dutenaren arabera, neurri horiek epe labur eta ertainera bihotzeko gaitzen eragina jaisteaz gain, epe luzera minbiziak, gehienbat biriketakoa, gutxituko dituzte. Estatu espainolean, bestalde, tabakoaren kea pasiboki arnasteak urtean 1.200 eta 3.200 hildako eragiten ditu, biriketako minbiziak eta bihotzekoak direla kausa.

Legea indarrean jarri orduko iritsi dira lehen salaketak

Erretzea mugatzen duen legea martxan jarri eta bi egunetara 50en bat salaketa jaso ditu Facua-Consumidores en Acción elkarteak. Zehazki, Nafarroan legea ez betetzearren zazpi establezimendu salatu dituzte; EAEn berriz, 44.

Hala ere, Nafarroan, Gobernuko Osasun Publikoko buru Marisol Arangurenek legearen aplikazioarekin «oso gustura» daudela azaldu zuen, jendea «diziplina osoz betetzen» ari omen delako. Bestalde, taberna ugarik legeari aurrea hartu eta kanpoaldeak egokituta dituztela nabarmendu zuen Arangurenek eta Saileko ikuskariek oraindik salaketarik ez dutela jaso. EAEn baina, Gurutzetako Ospitalean erretzen ari zelako kargu hartu zion erizain bat iraindu eta mehatxatzeagatik gizon bat atxilotu zuten astelehenean. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo