Merkataritzaren alorreko Bizkaiko enpresariak eta sindikatuak berriro bilduko dira gaur
GARA | BILBO
Bizkaiko merkataritzaren alorreko enpresarien konfederazioak (Cecobi) eta sindikatuek sektoreko lan hitzarmen kolektiboak berritzeko negoziatzen jarraituko dute gaur, sindikatuek datorren ostiralerako deitu duten greba eguna saiheste aldera.
Atzo bildu ziren bi aldeak merkataritza sektoreari eragiten dioten sei hitzarmen kolektiboen gaineko negoziazioa bideratzeko, baina ez ziren ados jarri, eta gaur beste ahalegin bat egingo dute. Patronalak ohar batean adierazi zuenez, atzokoan sei bilera egin zituzten elikadura, altzariak, ehungintza, metala, larrua eta oinetakoen azpisektoreetako hitzarmenetan enpresarien eta sindikatuen jarrerak hurbildu nahian.
Iturri beraren arabera, hitzarmen berriak adosteko proposamenak aztertu zituzten bi aldeek, baina ez zuten inolako akordiorik lortu. Zentzu horretan, gaurko hitzordura «negoziatzen jarraitzeko asmoarekin» joango dela adierazi zuen Cecobi-k eta bere lehentasuna enpresen jarduera nahiz lanpostuak mantentzea dela.
ELA, LAB eta CCOO sindikatuek etziko, hain justu beherapenak hasten diren egunerako, greba eguna dute deituta. Bizkaia osoan 15.000 langile inguru ari dira merkataritzaren sektorean.