GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gobernu espainolaren beldurra agerian uzten duen gehiegikeria

Ezker abertzaleak abiatutako aldaketa estrategikoaren butzatzaile izateagatik 2009ko urrian atxilotu zituzten zortzi militante abertzaleentzat hamar urteko kartzela zigorra eskatzea gehiegikeria da, inondik ere. Ez dira «erakunde terroristako kide izatea» egotzita beren jardun politikoa dela-eta auzipetu dituzten lehen lagunak; aitzitik, erakunde politiko eta sozial, enpresa edo kazeta ugariko kide asko daude kartzeletan zigortuta edo epaiketaren zain, hainbat gehiegikeriaren biktima. Zalantzarik gabe, gehiegikeria da hamar urteko zigorra eskatzea, baina eskaera hori egun bateko kartzela zigorra besterik ez balitz ere, gehiegikeria izango litzateke, Arnaldo Otegi, Rafa Diez Usabiaga, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra atxilotu zituzten une beretik auzia bera gehiegikeria nabarmena baita.

Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzaren arabera, militante abertzaleok nazio eraikuntzarako polo subiranista eratzeko ETAren esanetara ari ziren. Akusazio horrek, ordea, Estatu espainolaren jarrera eta beldurra agerian uzten ditu. Izan ere, «ETAren esanetara» jardutea Estatu espainolak beldur dion agertokiaren aldeko lana delitu bihurtzeko aitzakia besterik ez da eta, beraz, konfrontazio politikoa baino onartzen ez duen agertoki guztiz demokratiko hori kriminalizatu beharrean dago.

Ezker abertzaleak militante horien atxiloketez geroztik, bere baitan abiatutako eztabaida burutu eta «Zutik Euskal Herria» jakinarazi du, itun estrategikoak adostu ditu beste indar batzuekin, hainbat eragilerekin batera adierazpenak egin ditu indarkeriarik gabeko bidearen aldeko apostu argia agertuz; are gehiago, ETAri su-eten iraunkor eta egiaztagarria eskatuta... hori guztia ETAren esanetara, Madrilgo Gobernuaren arabera. Ez da, ez, ezker abertzalea ETAren esanetara jardutea espainiar botereen kezkarik handiena. Gogorarazi beharra dago Gernikako Adierazpenak eta nazioarteko hainbat pertsonalitatek ETAri su-etena ez ezik, Gobernu espainolari ere agertoki demokratikorako urratsak eskatu dizkiotela.

Horixe da haren kezka nagusia eta horregatik saiatu zen 2009ko urriaren 13 hartan ezker abertzalearen ekimen politikoa geldiarazten, horregatik eutsi dio jarrera horri. Hala salatu zuen ezker abertzaleak orduan, baina baita ez zuela bere bidean atzera egingo ohartarazi ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo