GARA > Idatzia > Kultura

Igandero eta apirilera bitarte txotxongiloak izango dira Bilboko Campos Eliseos antzokian

Hamabi txotxongilo taldek, asteburu honetan hasi eta apirilaren 10a bitarte, familia osoari zuzendutako ikuskizunak eskainiko dituzte Bilbon, «Txotxongiloak igandero» izeneko ekimenean.

p041_f01_148x104.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Goizez eta arratsaldez, datozen lau hilabeteetan mota guztietako txotxongilo ikuskizunez gozatzeko aukera izango da Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hamabi konpainiak hartuko dute parte «Txotxongiloak igandero» zikloan, horietatik lau Euskal Herrikoak. Gainerakoak Estatu espainoletik iritsiko dira eta guztira 34 emanaldi eskainiko dituzte. Antzokiko Kupula aretoan egingo dira emankizunak, goizez, 12.30ean eta, arratsaldez, 17.30ean. Hala ere, bigarren eta hirugarren igandeetan, Otxandioko Toni La Sal konpainiaren emanaldietan, 17.00etan hasiko da arratsaldeko gaztelaniazko saioa eta, 18.30ean, euskarazkoa.

Bilboko Txotxongilo Arteetako Dokumentazio Zentroak 29 aldiz ospatu du Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia -azkenengoa joan den azaroan izan zen-. Bertako zuzendari Concha de la Casak atzo adierazi zuenez, «azkenean, hainbeste urteren ondoren, haurrek ziklo iraunkor bat izango dute. Orain arte ez da posible izan areto egokirik ez geneukalako».

Ziklo honetan aurkeztuko diren ikuskizun guztiak estreinakoz ikusteko aukera izango da Bilbon. Aretoen egokitasun faltagatik aurretik ez baita aukerarik egon De la Casak azaldu zuenez. Gainera, guztiak izan dira aurrez hainbat jaialditan sarituak.

Gabonetako opor egunak aprobetxatuz, salbuespenekin hasiko da zikloa ostiral honetan. Zaragozako Teatro Arbole konpainiak «Los tres cerditos» ikuskizuna eskainiko du ostiral, larunbat eta igandean. Hurrengo hiru asteetan, Toni La Salen txanda izango da. Otxandioko konpainia honek Muppet panpinen teknika erabiltzen du eta hiru ikuskizun eskainiko ditu, euskaraz zein gaztelaniaz: «Ipuin lapurra», «Birusak erasoan» eta «Teleipuina».

Otsailetik aurrera honako konpainiak ikusteko aukera izango da: Teatro de la Luna (Madril), Buena Mandarina Teatro (Madril), Collins Klown (Barañain), Panta Rhei (Gasteiz), La Machina (Santander), Teatro La Tartana (Madril), Rodorin (Segovia), Maese Villarejo (Madril), La Mar de Marionetas (Madril) eta Dejabu Panpin (Errenteria).

Kupula aretoak 200 lagunentzako lekua dauka eta haur zein helduentzako sarrera berbera izango da, zortzi eurotan. De la Casak adierazi zuenez, «bai haurrak eta bai helduak gustura ateratzea nahi dugu eta, hori lortzen badugu, gaztetxo horiek etorkizuneko ikusleak izango dira».

Estreinaldiak

Hamabi konpainiak hamalau ikuskizun eskainiko dituzte. Concha de la Casak azaldu zuenez, guztiak lehen aldiz ikusiko dira Bilbon, aurretik ez baita posible izan aretoen egokitasun faltagatik.

LAU EUSKALDUN

Lau izango dira Euskal Herritik iritsitako konpainiak: Otxandioko Toni La Sal, Barañaingo Collins Klown, Gasteizko Panta Rhei eta Errenteriako Dejabu Panpin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo