GARA > Idatzia > Kultura

Arriaga antzokiko ekoizpen lirikoari bi sari eman dizkio Campoamor fundazioak

GARA | BILBO

Bilboko Arriaga antzokiak bere ekoizpen lirikoengatik sariak jasoz hasi du urte berria, lirika arloko Campoamor sari ezagunen epaimahaiak Bilboko antzokiaren «Chateau Margaux» eta «La Viejecita» zarzuela-ekoizpen bikoitza saritu baitu, banatzen dituen hamar sarietatik bi emanda.

Arriaga Antzokiaren ekoizpen hau, Campoamor antzokiarekin eta Bartzelonako Grec jaialdiarekin koproduzitua, Estatu espainoleko opera edo zarzuelako ekoizpen berririk onenarentzako sariaren irabazlea izan da. Gainera, epaimahaiak Borja Quiza baritonoa ere nabarmendu du, zarzuelako abeslaririk onena izendatuz, «La Viejecita» obrako Carlosen paperagatik.

Bilboko antzokiko iturriek adierazi dutenez, Campoamor lirika sarien banaketa urtarrilaren 10ean izango da, arratsaldeko zortzietan. Galaren zuzendaria Lluis Pasqual izango da, eta eszenografiaren egilea, Daniel Bianco, Arriaga antzokiko zuzendari artistikoaren ondokoa.

Manuel Fernandez Caballeroren «Chateau Margaux» eta «La Viejecita» zarzuelen ekoizpen berriak Miquel Ortegaren musika-zuzendaritza eta Lluis Pasqualen eszena-zuzendaritza izan zituen; era horretan, azken horrek lehendabiziko aldiz ekin zion ikuskizun liriko bat zuzentzeari. Bilbon estreinatu zen, 2009. urteko ekainaren 22an; gero, Bartzelonara, Oviedora eta Madrilera eraman zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo