GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

EUSKAL SELEKZIOA

Esaitek zaleen babesa eskertu eta denak batuta lanean segitzera dei egin du

p035_f02_666x666.jpg

GARA | BILBO

Euskal Selekzioak Venezuelaren aurka jokatutako partidaren inguruan izan ziren hainbat gertaera baloratu zituen atzo Esait-ek Bilbon. Selekzio ofizialen aldeko iritzi taldeak Bilbon bildu ziren milaka pertsona horiek zoriondu nahi izan zituen lehenik, «gizartearen gehiengoaren nahiarekin bat egin eta ofizialtasuna aldarrikatu» zutelako.

Baina horrez gain, jokalarien jarrera inoiz baino argiago geratu dela uste du Esaitek, eta Euskal Federazioaren «gezurrek eta erdizkako egiek» ez dutela inor engainatzeko balio. Alde horretatik, gogor salatu zuten Santi Arostegi presidentea Esaitek azken hamabost urteetan egindako lana gutxiesten saiatzea.

Patxi Mutiloak, Lakuako kirol arduradunak, partida egunean futbolarien aurka egindako adierazpenak ere gaitzetsi egin zituen Esaitek. Beraien ustez, argi dago erakundeek ez dutela «inolako borondaterik erakutsi ofizialtasunaren bidean urratsak emateko», eta beraz, ez da zilegi Mutiloa «legediaren egoerari buruzko lezioak ematen saiatzea», horrek «bere benetako borondate falta agerian utzi besterik ez baitu egiten».

Baina ez zen dena salaketa hutsa izan, Esaitek ontzat jo zuen Euskal Federazioak datorren udan Nazioen Arteko Torneoan parte hartzeko erakutsi duen asmoa. «Esandakoa gauzatuko balitz, begi onekin ikusiko genuke, hori beti izan delako bai gure eta bai jokalarien aldarrikapenetako bat». Nolanahi ere, gogora ekarri zutenez, «modu horretako lehiaketek ezin dute inoiz helburua izan, ofizialtasuna lortzeko bidean eman beharreko beste urrats bat baizik».

Horrez gain, San Mamesen jarraitzaile jakin batzuek sortutako istiluen inguruan, Esaitek gutxiengo bat izan zela argudiatu zuen, eta «euskal zaleek mundu osoan duten irudi ona zikintzeko baino» ez dutela balio gisa horretako jarrerek, «inolaz ere ez ofizialtasuna lortzeko».

Azkenik, aurrera begira, lanean jarraitzeko asmoa azaldu zuten eta ongietorria eman zioten, besteren artean, futbol munduko hainbat pertsonak jokalariei erakutsitako babesari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo