GARA > Idatzia > Kultura

«Lehen itzulpena izanik, irudipena dut intuizioz egina dela gehienbat»

p042_f01_199x128.jpg

Arantzazu Royo

Xukriren «Ogi hutsa» lanaren itzultzailea

«Esperientzia oso aberasgarria izan da itzulpena. Langintza eta neure burua bertan ezagutzeko aukera eman dit», aitortu du hernaniarrak arabieratik euskarara ekarri duen Xukriren «Ogi hutsa» ahotan hartuta. «Itzultzeak irakurtzen irakasten dit, eta prozesuan, mundu bat deskubritu dut».

Anartz BILBAO | HERNANI

Mohamed Xukri (Rif, 1935 - Tanger, 2003) marokoar idazleak «giza desesperazioaren dokumentu benetakoa, izugarrikeria» dakar, Tennessee Williamsek deskribatu zuenez, «Ogi hutsa» (arabieraz «Al-jubz al-hafi», 1973an idatzia) lanarekin hasi zuen trilogian. «Gosete garaian sortu zen, miseria gorrian eta hamaika urte zituela etxetik ihes egin zuen, aitaren zigorretatik ihesi. Hogei urte zituela aldatu zen Mohameden bizimodua, irakurtzen eta idazten ikasi baitzuen, arabiera klasikoan ikasi ere, ez Marokoko arabieran, ezta ama-hizkuntza zuen berberean ere. Bere historia idazteari ekin zion, xehetasunak emanez. Eta esplizitutasun horrek zentsura ekarri zion, isiltasunaren kondena». Horrela aurkeztu zuen Xukri Miel Anjel Elustondo idazleak, «Ogi hutsa» lana aurkezteko ekitaldian. Itzulpen ikasketak dituen Arantzazu Royok eman du liburua euskaraz -kultur hitz edo esamolde berezi batzuk arabieraz utzi ditu gainera, ikas ditzagun-. Liburua hogeita hiru hizkuntzatara itzulita dago, eta zinemara ere eramana izan da 2004an, Mohamed Rachid Benhadj zuzendariaren gidaritzapean (Youtuben dago ikusgai).

Lehen itzulpen lana duzu. Zergatik hautatu duzu Xukriren «Ogi hutsa»?

Marokon ezagutu nuen liburua. Frantsesez irakurri nuen lehen aldiz [«Le pain nu»] eta harrigarria iruditu zitzaidan Xukrik nola kontatzen digun bere bizimodu latzaren berri. Zer kontatzen duen ere bai, baina hori baino gehiago, nola kontatzen duen. Eta arabiera eta itzulpengintza lantzeko bide bat izan dut liburua. Estilo xumea erabiltzen du Xukrik, eta hori ondo zetorkidan niri, hasteko.

Arabieratik euskarara ekarritako aurreneko liburuaz ari gara hitz egiten?

Badira arabieraz idatzitako lanak euskarara itzulita, baina, guk dakigula, ez dira zuzenean itzulitakoak izan. Arabieratik itzuli dut nik, baina beste hiru bertsio izan ditut esku artean: ingelesa, frantsesa eta gaztelania (behin edo behin katalana ere bai).

Liburu latza da «Ogi hutsa», bere garaian Marokon bertan debekatua izan zena.

Bai, oso historia latza da. Lehenengo aldiz ingelesez agertu zen (1973, Paul Bowles-ek itzulia), gero frantsesez (1980), gaztelaniaz (1982)... Xukrik idatzi zuenetik hamar urtera argitaratu zen lehen aldiz arabieraz (1982ko maiatzean). Berak ordaindu omen zuen argitalpena, frantsesezko itzulpenaren egile-eskubideetatik jasotzen zuen diruari esker. Liburuak ez zuen, ordea, denbora luzez iraun dendetan, handik urtebetera zentsurak bahitu baitzuen, 17 urtez. 2000. urtean ikusi zuen argia, berriro.

Zergatik debeku hori?

Sexu esplizitua, drogen eta gauaren mundua, prostituzioa... hori ez da kontatzen, bizitzen bada ere. Elkarrizketaren batean irakurri nion, baita ere, aita Jainkoaren pare jarri izana ez ziotela barkatzen: «Basapizti bat zen gure aita. Hura etxean sartzen zenean, ez zirkinik, ez hitzik, haren baimenik ezean. Jainkoaren baimenik gabe ezer gertatzen ez den bezalaxe, diotenez». Koranaren erreferentzia bat agertzen da hor.

«Miseria eta maitasuna» aipatzen ditu protagonistak. Guk miseria ugari eta maitasuna urri aurkitu dugu, ordea.

Gutxi, bai. Eta maitasuna denik ere... beste pasarte batean esaten du: «Ez zakinat oraindik zer den maitasuna». Tratu bortitza jaso zuen etxean, ikaragarria aitarengandik, eta kalean ere bai, eta horrek ere izango zuen eraginik, noski, Xukrirengan, maitasuna ulertzeko moduan. Bai berak bizi izandakoan, bai inguruan ikusi edo entzun zituen egoeretan.

Beste pasarte batean, honela dio, ohe-lagunarekin hizketan: «Behin esan zidan: `Ezkontzan baino ez diat ulertzen maitasuna'». Eta nik erantzun: `Niri, berriz, iruditzen zaidan ezkontzearekin amaituko zaidala maitasuna'. Bata bestearen jabe sentitzen ez garelako jarraitzen diagu elkarrekin».

Maroko borrokan zen garaietan kokatua: «Kristauak gobernatzen duten herri musulman batean bizi gaituk -dio bertako pertsonaia batek-. Ez gaituk ez musulman, ez kristau».

Tanger «nazioarteko hiria» zen garaian kokatzen da liburua. Nazioarteko estatutua eman zioten hiriari 1923an, eta hainbat herrialderen artean banatu zuten hiriaren administrazioa (Ameriketako Estatu Batuak, Britainia Handia, Frantzia, Alemania, Espainia...), harik eta 1956an Marokok independentzia lortu zuen arte. Hori baino lehen, 1912an ere espainiar protektoratua hitzartu zuten, eta frantses protektoratua ere han zen, baina hegoaldean gehiago.

Kontatzeko modua aipatu duzu lehen. Esan nahi diguna oso ondo neurtua dakar Xukrik?

Kontakizuna den aldetik, batzuetan ematen du haurtzaroa eta nerabezaroa berriro bizitzen ari dela, ezta? Ederki adierazten digu, hainbat eta hainbat pasadizotan, zer gertatu zen, zer pentsatzen zuen, nola bizi izan zen... Nolanahi ere, bizi-esperientziak ematen duen ikuspegiarekin ere azalduko zituen ordukoak. Ez da ariketa erraza, inondik ere, nire ustez.

Pertsonaien arteko elkarrizketetan hitanoa erabili duzu. Bada baliokiderik arabieraz, ala elkarrizketak indartzeko erabili duzu?

Ez dago halakorik arabieraz, ez. Edozein hizkuntzatan bezala, erregistroak badira, baina batez ere giroak hala eskatzen zidalako eman dut hika.

Liburuak -itzulpenak- erraz egiten du aurrera. Ahalegin berezia egin duzu ... zeintzuk izan dituzu zailtasun nagusiak?

Lehen itzulpena izanik, irudipena dut intuizioz egina dela gehienbat, baina laguntza handia izan dut bidean... Google, hiztegiak, lagunak... Itzulpena aitzakia hartuta, bestalde, Tangerren eta Tetuanen ere ibili naiz, besteak beste liburuan agertzen diren lekuak ezagutzeko. Liburuari eskainitako «bisita gidatuak» eta guzti, lagunen bidez.

Gustura gelditu zara? Baduzu egitasmo berriren bat esku artean... edo biharko?

Gustura geratu naiz, bai, eta prozesuan ere bai, oso gustura ibili naiz. Esperientzia oso aberasgarria izan da niretzat, alde guztietatik, baina oraingoz ez daukat besterik esku artean. Ikusiko dugu.

ezin ARGITARATU

Xukrik idatzi eta hamar urtera argitaratu zen lehen aldiz arabieraz «Ogi hutsa», eta handik urtebetera zentsurak bahitu zuen.

«Oso gustukoa dut hizkuntzak ikastea, prozesua bera»

Arantzazu Royo Manterola hernaniarrak EIZIE, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartean egiten du lan, eta arabiera ikasketak burutu ditu, Egipto eta Sirian batez ere. Hizkuntzetarako erraztasuna... edo gutxienez zaletasuna duela dirudi.

Arabiera ikasi duzu. Nolakoa izan da hizkuntzara egin duzun hurbilketa.

Ingelesa eta frantsesa ikasita (ez da sekula amaitzen, noski), beste hizkuntzaren bat ikasi nahi nuen, ingurukoekin zerikusirik ez zuenen bat. Hala aukeratu nuen arabiera, zertan sartzen ari nintzen jakin gabe, egia esan. Donostian hasi nintzen, eskola partikularrekin, eta udako ikastaro trinko pare bat egin nuen gero, lehena Tunisian [Tunisia], eta bigarrena Rabaten [Maroko]. Gero eta ikastaro luzeagoak behar nituela-eta, Damaskon [Siria] izan naiz bitan, uda (luze) pasa, eta Kairon [Egipto] ere ia urtebete egin nuen. Oso gustukoa dut hizkuntzak ikastea, prozesua bera, nahiz eta arabierarekin, aurrera egin ahala, behin baino gehiagotan esan diodan neure buruari nork agindu ote zidan niri horretan sartzea. Behin puntu batera iritsita, ordea, ezin utzi.

Zailtasun berezirik izan duzu arabierarekin?

Ezagutzen ditudan hizkuntzen logikatik urrundu beharra daukat, grafiak ere nahiko lan ematen dit, eta bokalak ez dituztenez idazten normalean, horrekin ere nahiko lan... Bestalde, ikasten dugun hizkuntza liburuetakoa da, herrialde bakoitzak bere dialektoa du... Ez dakit, hala ere, ba ote den hizkuntza «zailik». Hizkuntzak nola funtzionatzen duen ikasi, eta aurrera. Ez dut konstantzia handirik izan ikasketa horretan, eta horrek ez dit batere lagundu, baina eutsi egiten diot. A. B.

TRATU TXARRAK

Tratu bortitza jaso zuen etxean aitarengandik, eta horrek ere izango zuen eraginik Xukrirengan, maitasuna ulertzeko moduan.

Q Y 9 SUENAN IGUAL

En japonés, la letra Q y el número 9 se pronuncian de igual manera, «kyu», por lo que el título del libro es «1984» y es un guiño a la alteración del mundo en que habitan los personajes de la novela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo