GARA > Idatzia > Euskal Herria

Azukreen kimika osoa baldintzatzen duen fenomeno bat azaldu dute EHUn

EHUk Oxfordeko Unibertsitatearekin elkarlanean gauzatutako ikerketa bati esker, orain arte inoiz deskribatu gabe zegoen fenomeno bat azaltzea lortu du Emilio J. Cocinero kimikariak: azukre biomolekulak egonkortzen dituen efektu anomerikoa deskribatu du.

p017_f0217214.jpg

GARA

Azukre biomolekulen kimika goitik behera baldintzatzen duen efektu anomerikoa lehenbizikoz deskribatzea lortu du EHUko Emilio J. Cocinero kimikariak. Lehen aldiz lortu du EHUko Kimika Fisikoa saileko irakasleak, Oxfordeko Unibertsitatearekin elkarlanean, efektu hori isolatu eta deskribatzea. Ikerketaren emaitza «Nature» aldizkariaren gaurko alean argitaratu dute, «Sensing the anomeric effect in a solvent-free environment» izeneko artikuluan.

Izaki bizidunak osatzen dituzten molekulak, biomolekulak, lau talde handitan banatzen dira: proteinak, lipidoak, azido nukleikoak eta gluzido edo azukreak.

Azken horiek ematen diote organismoari behar duen energia eta efektu anomerikoak azukreen kimika osoa baldintzatzen du; izan ere, giltzarria da azukreak egonkortzeko.

Aipatutako efeku anomerikoa 1955ean aurkitu zuten, baina, kimikan eta biologian garrantzitsua izan arren, oraindik ez dago argi zein den haren jatorri fisikoa eta orain arte ez da efektuaren analisi zehatzik egin. Hala, Emilio J. Cocinerok lortu du lehen aldiz azaltzea efektuaren eragina zenbatekoa den azukre batean; era berean, kanpoko efektu anomerikoa barrukoari nagusitzen zaiola frogatu du, orain arte uste zena hankaz gora jarriz.

Irakasleak honek azaldutakoaren arabera, ikerketa honetan azukre bat peptido txiki batekin elkartu zuten, izaki bizidunetan ageri den gluzido-proteina sistemaren eredura. «Gas fasean egin genuen ikerketa, ingurune horretan azukrearen berezko propietateak ikertu eta analiza ditzakegu-eta», argitu zuen.

Ikerketan laser espektroskopiaren eta ordenagailu bidezko analisiaren konbinazioa erabili zuten. Ikertzaileak dioenez, «emaitzek pentsarazten digute berriz aztertu beharko dela efektu anomerikoak kimikan nahiz biologian duen eragina. Izan ere, azukre gehienetan gertatzen da eta aldatu egiten ditu naturan duten proportzioa».

Era berean, ikerketa honek argitu dezake zergatik aukeratzen dituen organismoak azukre jakin batzuk, nahiz eta naturan beste azukre batzuk ugariagoak izan.

Argitu gabe

Azukre biomolekulen efektu anomerikoa 1955ean identifikatu bazuten ere, orain arte argitu gabe zegoen zenbateraino eragiten duen fenomeno horrek molekulan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo