Debutari berri bat Aspen
Zabaleta, txapelak hirunaka irabazteko gai den atzelaria
Etxarrengo pilotariak gaur arratsaldean egingo du debuta profesionaletan, adinean bikoitza duen Titinekin
Jon ORMAZABAL
Kontsumorako gai askorekin gertatzen den bezala, kirolean ere gero eta ugariagoak dira nerabezaroa erabat atzean utzi gabe izar bilakatzen diren gazteak. Pilotan ere, gero eta leku gutxiago dago «klase ertainentzat», eta gero eta nabariagoa da profesional mailako koadroetan momentuko izarrentzat eta bihar-etzi horiek ordezkatzeko dohainak dituzten gazteentzat bakarrik dagoela lekua. Hala, Peio Martinez de Eulate eta Fernando Goñiri agur esan eta berehala, Jon Jaunarena aurrelariak aurreko astean egin zuen profesionaletarako jauzia, eta gaur hainbestetan bere bikote izandako Jose Javier Zabaletari egokitu zaio sekula ahaztuko ez duen egunaz gozatzea.
Gauzak azkar eta presaka egin beharrak ez du, ordea, ezustean harrapatuko Etxarrengo atzelaria, izan ere, orain bi urte afizionatu mailan berdintzea kostako den marka bat ezarri baitzuen: 19 ordu eskasetan hiru final jokatu eta hiru txapela janztea.
2008ko irailaren 20 eta 21 artean gauzatu zuen Zabaletak balentria, Lodosa, Leitza eta Amezketako txapelketak irabazita. Ebro ibaiaren inguruan hasi zen, larunbat gauez, Zabaletaren esprinta, Jaunarena aurrelari zuela. Lehen txapel honek, gainera, meritu izugarria izan zuen, 13-0 galtzen hasi baitziren. Dena dela, pilotariak gogoratzen duenez, «Juanarenari esker» partidari buelta eman eta 22-16 irabazi ahal izan zuten.
Txapelaz gozatzeko astirik gabe, Etxarrenera itzuli -bidean ogitarteko bat janez- eta 12.30 inguruan ohera sartu ahal izan zuen, zetorkion egun luzerako indarberritzeko asmoz. Leitzan zuen eguneko lehen hitzordua, goizez, berriz ere etxean aritu beharraren ardura zuen Jaunarena lagun zuela. Bezperan etsai izan zuten Ansotegi eta egun profesionaletan ari den Albisu ziren aurkariak, eta gauzak askoz errazago izan zituzten; 22-5eko emaitzarekin asteburuko bigarren txapela jantzi zuten.
Partida motza suertatzea -Albisuk ez zuen egun ona izan- ikaragarri eskertu zuen Zabaletak, arratsaldean beste final bat jokatu beharra baitzuen, oraingo honetan Amezketan eta, gainera, buruz buru.
Luzaketa ariketak egin ostean eta etxetik pasata bazkari-legea eginda, Arzelus gipuzkoarra zeukan zain Josean Tolosa Txapelketako finalean. Iragarpenen arabera, Zabaletak aukera gutxi zituen partida irabazteko, baina berak esana: «Lasai jokatuz eta sufritzen jakinda, zortea izan nuen eta tantoak nire aldera erori ziren». Asteburu magikoa aitzakia gutxiko 18-6ko emaitzarekin amaitu zuen Zabaletak.
Balentria hark ikuskatzaileen arreta are gehiago piztu zuen eta Aspek berekin entrenatzen hasteko aurrekontratua egin zion. Jokin Etxanizen esanetara hiru urtean lanean aritu eta gero, -tartean Munduko Txapelketan urrezko domina ere irabazi zuen Pauen- martxoan 20 urte egingo dituen Jose Javier Zabaletari gozatzeko eguna iritsi zaio.
«Entrenatzaileek esan didate debuteko egunean gozatu eta ahalik eta hobekien jokatzen saiatzeko, benetako lana hurrengo partidatik hasten dela. Hutsetik hasten naizela eta pixkanaka egingo dudala gora».
Txikitako idoloarekin
Zortzi urte eskas zituela, Titin eta Elkoro ziren bere pilotaririk gustukoenak -oraingoen artean Barriola du ispilu- eta ia sinestezina egiten zaio Triciokoaren bizkarra zainduz debutatzeko aukera izatea. Kontrastea ez da nolanahikoa, errioxarrak 42 urte egingo baititu aurki eta adinean bikoizten baitu.
Bere ibilbidea jarraitu dutenen esanetan, sekulako etorkizuna du aurretik Zabaletak, kolpe izugarria baitauka. Konfiantzaz jokatu duenean eta huts gutxi pilatu dituen egunetan oso erraz irabazi omen ditu afizionatuetako partidak. Gaurtik aurrera dena askoz zailagoa izango da, baina prestatuta dagoela uste du.
Bere ibilbidea jarraitu dutenen esanetan, sekulako kolpea dauka, batez ere eskuinaz, eta hutsak gutxitzea lortzen duenean sekulako etorkizuna aurreikusten zaio.
Pilotan jokatzen hasi zenean, Titin eta Elkoro zituen pilotaririk gustukoenak eta horregatik ilusio handia egiten dio debuta bere adinaren bikoitza duen aurrelariarekin egin ahal izateak.