GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

HARITZ GARTXOTENEA «ZAPORRA» eta ARITZ LABIANO «LABI» | Zarautz

Elkartasun uholdea

Hilabeteak dira zuen elkartasun tantoekin bustitzen hasi ginela. Lehen tantoak uztailean sumatu genituen gure epaiketa salatzeko eragile askoren babesa jasotzean. Epaiketara autobus oso bat joatea izugarria izan zen. Geroxeago, epaia jakitean, herriko kaleak are gehiago busti ziren zuei esker. Udararen ondoren, eskuz esku tanto sakabanatuak bildu eta lanari ekin zenioten. Hamaika dira zuen lanak eman dituen fruituak. Ekimen ugarik blaitu dituzte Zarauzko kaleak. Etxe guztietara iritsi zarete sufritzen ari garen bidegabekeriaren berri eman eta herritarrak mugiarazteko. Sarean ere gure kasua zabaldu eta ikaragarria den atxikimendu zerrenda lortu duzue. 1.542 sinatzaileak zareten guztiei esker elkartasuna oso garrantzitsua dela ikusi ahal izan dugu. Argazkietan agertzen zaretenok ere babestu gaituzue.

Elkartasun tanta guzti hauek abenduaren 18an zaparrada bihurtu eta Zarautzen uholdea izatera iritsi zineten. Gurekin norbanako eta eragile desberdinek erakutsi zenuten gertutasuna eta goxotasuna eskertzeko ez dago nahikoa hitz. Gabonak iritsi ziren eta berriz ere berri txarrak jasotzean gure ondoan izan zineten. Madrilera joan aurretik plaza berotzera iritsi zineten zuen maitasunarekin. Hurrengo egunean errepideetako izotzari aurre egin eta gure ondoan sentitu ahal izan zintuztegun.

Egun, etxean, kalean, lanean eta edozein lekutan zuen elkartasun tantekin bustita jarraitzen dugu. Elkartasuna delitu bilakatu nahi dute, baina, hala ere, frogatua dago, frogatzera iritsi zarete, elkartasun uholdeek sortzen dituzten ibai emankorrak geldiezinak direla. Elkartasun emari honen indarraz baliatu eta egunerokotasunean lanean jarraitzera animatu nahi zaituztegu. Ez dugu zalantzarik bidean ezartzen dizkiguten oztopoak gainditzeko beharrezkoa den borondate eta grina errotuak daudela gure artean.

Guk biok ez dakigu inoiz guregatik egin duzuen guztia eskertu ahal izango dugun. Ez dakigu zein izango den gure etorkizun hurbila. Baina, dena delakoa dela ere, garbi izan ezazue, aurrera begira gure egoeran egon daitekeen edonor zigortzea zailtzen ari zaretela ematen ari zareten pauso bakoitzarekin. Bidegabekeriek amaiera izan behar dute eta bide horretan elkartasun harresiek indar handia dute. Eskerrik asko!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo