GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz I Iruñea

Noaingo aireportu berritua

AENAk eta Espainiako Sustapen Ministerioak milioi euro asko xahutu omen dituzte Noaingo aireportu berria egiteko eta horrek niri zalantza ilun asko sortzen dit. Alde batetik, dirudienez, epe motzean, behintzat, berrikuntza horrek ez omen ditu konpainia eta hegaldi gehiago ekarriko Nafarroara; beraz, ez du ematen oso ongi justifikatuta dagoenik diru xahutze ikaragarri handi hori guztia. Hori al zen gizarte honen premiarik handiena momentu hauetan? Eta, beste alde bestetik, gorago aipatutako AENA enpresak eta Sustapen Ministerioak, auskalo zer-nolako interes ekonomikoak izanen dituzten esku artean.

Gainera, nik galdera hauek egiten ditut: helburu desiragarria al da mundu osoko aireportu guztiak etengabe haztea mugarik gabe? Non dago muga edo bukaera? Ulertuta nago hegazkina dela garraiobiderik kutsatzaileena, ba, noiz arte jasan ahalko du gure planeta zaharrak hainbeste tona kutsadura egunero? Benetan mugikortasun iraunkorra izanen al da gutxi barru hegazkingintzaren joera hori aldatzen ez bada? Nik ezetz uste dut.

Ulertzen dut munduak eta gizarteak eboluzionatu egin behar dutela, baina modu hori al da egokiena? Nik uste dut Lurrak oreka egokiz iraun ahal izan dezan, ezin dela ulertu eta onartu planeta osoan aldi berean leku guztietako janariak, edariak eta mota guztietako generoak egotea, eta beste horrenbeste gertatzen da jendearekin ere; pentsatzen dut noizbait hasi beharko dela gogoeta egiten, beste mugikortasun egokiago bat aurkitzeko. Pentsaezina da munduko pertsona gehienek ia-ia egunero leku guztietan egon nahi izatea mugarik gabe.

Gai honek hausnarketa sakona beharko du lehenbailehen, gizateriak iraunen badu, eta honekin erantzuna ematen diet gutxi gorabehera Noaingo aireportuko azken berrikuntza lanei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo