GARA > Idatzia > Euskal Herria

Larunbateko Bilboko martxara deitu ditu langileak LABek

LAB sindikatuak bat egin du «Euskal presoak Euskal Herrira, egin dezagun urratsa» lelopean Bilbon izango den manifestazioarekin. Gobernu espainol eta frantsesari eskatu die egun indarrean dituzten espetxe politikak bertan behera uzteko, eta horrez gain, lantegietan nahiz kalean euskal presoen defentsan lan egiteko konpromisoa erakutsi du sindikatuak.

GARA |

Larunbaten «Euskal presoak Euskal Herria, egin dezagun urratsa» lelopean Bilbon izango den manifestazioaren arrazoi eta aldarrikapenekin bat eginez, bertan izango da LAB sindikatua. Sindikatuko Komite Exekutiboko nahiz Nazio Komiteko ordezkaritza zabala izango da bertan; zuzendaritzako beste hainbat kideren artean, Ainhoa Etxaide idazkari nagusia, Sonia Gonzalez komunikazio idazkaria eta Igor Arroyo Nafarroako bozeramailea. Hala, Euskal Herriko langile zein eragile guztiei Bilbora joateko dei egin die sindikatuak.

«Euskal Herria aro berri baten atarian dago, eta garai berri horri ekingo bazaio, herri honen ukazioan oinarritutako eta gaurdaino indarrean izan den zikloa itxi beharra dago», azaldu du sindikatuak, ohar baten bidez. Horregatik, gobernu espainolari eta frantsesari egun indarrean duten espetxe politika bertan behera uzteko eskatu die LABek, izan ere, presoen «oinarrizko eskubideak urratuz» euren senitarteko eta euskal jendartea «jomugan» dituztela salatu du.

Euskal eragileek badutela «zeregina» eta «zeresana» nabarmendu du LABek, are gehiago «abian den garai berri honetan». Hartutako konpromisoetan sakondu eta konpromiso berriak bultzatzeko unea dela aldarrikatu, eta LABek ardura hori bere egiten duela adierazi du. Lantegietan zein kalean, euskal preso politikoen eskubideen defentsan jarduteko eta lan hori indartzeko konpromisoa berretsi du LABek.

Eraso antzua sarean

Atzoko egunkarian aurreratu genuen Egin Dezagun Urratsa ekimeneko kideek euren webguneak izandako erasoa salatu zutela. Hain zuzen ere, manifestaziorako atxikimendua agertzen zuten bideo eta argazkiak biltzen dituen atari digitala erabilgaitz utzi zuten. Hala ere, arduradunek «eraso antzua» izan dela agertu dute, atxikimenduak jasotzen jarraitu dutelako «etengabe».

«Egoera honek ez du elkartasun olatua geldituko», zioten. Horren erakusle, gogorarazi zuten hamaika txokotatik jasotako 4.500 atxikimendutik gora bildu dituztela, eta ziur dira larunbatean Bilbon «herri baten nahia eta aldarria» irudikatuko direla. Gainera, webgunea dagoneko martxan izateaz gain, ekimena Twitter bidez ere jarraitu ahal izango da, @u8denokbilbora erabiltzaile izenarekin.

berriz sarean

Egin Dezagun Urratsa ekimenaren webguneak herenegun erasoa jasan bazuen ere, berriro martxan da ataria. Twitter bidez ere jarraitu ahal izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo