Oihana Agirre urtarrilaren 12an epaituko dute Askatasuneko kide izateagatik
GARA
Urtarrilaren 12an Oihana Agirre donostiarra epaituko dute, Askatasuneko kide izateagatik. Fiskaltzak 12 urteko espetxe zigor eskaria egin du haren aurka, «erakunde terroristako kide» izatea leporatuta, eta AVTk, berriz, 13 urteko zigor eskaera egin du «erakunde terroristako zuzendaria» delako ustean.
Agirre 2007ko urriaren 2an atxilotu zuen Polizia espainolak Donostian, irailean Kontxako Banderaren estropada egunean presoen eskubideen alde urtero antolatzen den manifestaziorako deia egiteagatik eta Askatasuneko ordezkari izateagatik. Espetxetik 2008ko abenduaren 11n atera zen, baldintzapeko askatasunean, 12.000 euroko fidantza ordainduta. Urtebete horretan Soto del Real eta Brievako espetxeetan eduki zuten preso.
Mahai Nazionaleko kide Joseba Alvarezekin batera atxilotu zuten Agirre, arrazoi beragatik, eta manifestazioan bertan atxilotu zuten, bestalde, Juan Mari Olano Askatasuneko bozeramailea. Atxiloketak lege espainolen arabera ere «erabat ilegalak» izan zirela salatu zuten abokatuek, Madrileko Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak ez zuelako horretarako eskumenik.
Babesa kideei
Amnistiaren aldeko mugimenduak «babes osoa» erakutsi dio Agirreri eta «azken errepresaliatu politikoa etxean izan arte» lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi du. Prentsa ohar baten bidez egun hauetan gogora ekarri nahi izan dituzte preso diren euren kideak. «Errepresioaren aurka eta euskal preso politikoekiko elkartasunez lan egiteagatik atxilotuak, epaituak, espetxeratuak eta sakabanatuak izan dira amnistiaren aldeko mugimenduko lagun asko azken urteotan», salatu dute. Errepresioa eta espetxeetako egoera salatzea Gobernu espainolari «deserosoa» egiten zaiola nabarmendu dute, eta errepresioaren salaketa bera ere «errepresio gehiagorekin» isildu nahi dutela, «zigorraren eta espetxearen bidez».
Amnistiaren aldeko mugimenduak argi azaldu du, erasoak eraso, «eguneroko lan xumean» aurrera egingo dutela: «azken errepresaliatu politikoa etxean izan arte egin beharreko lana da gurea, gure herria demokrazia egoera batera iristean amaituko dena».