GARA > Idatzia > Kultura

Elkarrizketa mahaiak, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxe berrian

Donostiako Aiete auzoko kultur etxe berria Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearen proiekturen barruan sortu zen eta hilabete baino gutxiago darama irekita. Irekierarekin batera, Jose Angel Lasaren eskulturen bilduma bat jarri dute, «Elkartropiak» erakusketaren barruan.

p042_f01_148x100.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Jose Angel Lasak ez ditu eskuarki kalean jartzeko eskulturak egiten. Hori dela eta, nahiko arraroa da Donostiako Aiete auzoko kultur etxe berriaren atariko lorategian artistaren hainbat lan ikustea. Gainera, barneko aretoetan ere hainbat pieza kokatu dituzte. Hala ere, bere erakusketaren zergatiak badu zentzua.

Naturak ematen dizkion materialak erabiltzen ditu nagusiki Legorretako eskultoreak eta erakusketa hau sortu aurretik kultur etxeko arduradunaren dei bat jaso eta proiektu berriaren nondik norakoen berri izan zuen. Hasiera batean ezezkoa eman zion, ez baitzuen hark eskatutakorik, baina gero orain urte dezente egindako lan batzuez oroitu zen; bakearekin eta giza-eskubideekin lotutako obrak ziren horiek, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearen proiektuaren barruan sortua baita kultur etxe berria. «`Negoziazio mahaiak' esaten diet nik eta Aljer-eko elkarrizketak gertatu zirenean egin nituen gehienak», azaldu zuen Lasak. Mahai formako lau eskultura jarri dituzte eraikinaren atarian. Denek mahai forma dute eta harrizko, hormigoizko eta burdinazko lanak dira. Material gogor horiek modu «samurrean» erabili zituen Lasak eta tamaina geometriko soil eta sendoekin egoera desberdinak osatu zituen; egoera horietan horizontaltasunak eta bertikaltasunak espazio ez-perfektu, samurrei bide ematen zieten, sarbideak sortze aldera.

Izenburua ahoskatzeko zaila egiten da, «Elkartropiak», eta hitz-joko batetik sortu zen. «`Elkarrizketa' eta `tropia'-ren arteko hitz nahasketa da. Biologian bizidun batek zerbaiten inguruan higidura bat daukanean `tropia' deitzen zaio», beraz, higidura eta elkarrizketa mahai horien arteko burutazio baten emaitza da «Elkartropiak» erakusketa.

Petrolio latekin lanean

Jose Angel Lasak naturak eta gizakiak ematen dizkion materialak erabili ohi ditu eskulturak egiteko, nahiz eta gustukoen zuhaitzak ematen duen oro duen. Izan ere, azaldu zuenez, artean garapen bat izan ondoren, gauzak irudikatzeari utzi eta gauza horiek beroriek erabiltzen hasi zen. «Orain ehun bat urte arteak artea bera irudikatzea zen ezagunena. Gero, irudikapen hori sintetizatzen hasi zen, batez ere kubismoarekin. Une batean errealitateko gauzak arte munduan sartzen hasi ziren; hiri mundukoak, aulkiak, mahaiak, altzariak eta abar, baita naturako zatiak ere. Hala, XX. eta XXI. mendean arte munduak egin dituen hainbat eta hainbat ariketa horixe bera dira: errealitatetik hartutako gauzekin ariketak eta arte-lanak egitea, alegia. Nire lan egiteko era hor nonbait kokatzen delakoan nago. Nik ez dut zuhaitz bat irudikatzen, zuhaitza bera hartzen dut. Nik ez dut petrolioa irudikatzen, petrolio latak erabiltzen ditut», esan zuen egileak.

Ildo horretatik, bilduma hau egin zuen garaian hainbat material erabili zituen eskultoreak. Alde batetik, burdinazko xaflak. Bestetik, hormigoia, harriak eta petrolio latak. Bere lanaren ezaugarri nagusienetako bat, ordea, zuhaitzaren erabilpena da. «Gehienetan zuhaitzaren hondakinak erabiltzen ditut. Zuhaitzak zura dauka, baina gero sutara botatzen ditugun hondakinak ere baditu. Guk euskaraz zura eta egurra erabiltzen dugu. Nik hori erabiltzen dut, sutara doan egur hori. Zuhaitza erabiltzen dut erakargarria egiten zaidalako, beste argudiorik gabe». Hala, erakusketa aretoan lau obra daude ikusgai. Horietako bat da «Txalupa gezia», 1987an egindakoa eta ontzi baten egitura desegiteko ariketa bat dena. Gainerako lanak 2003 eta 2010 artean egindakoak dira eta oinarrizko materiala zuhaitzen adar manipulatu eta koloreztatuak dira: «-rantz», «Hizki urdinak» eta «Hizki gorriak».

Alabaina, agian denetan deigarriena eraikinaren harreran ikus daitekeena da: «The Blue Planet». «Bi metroko esfera hori petrolio lataz dago egina. Irakeko lehen inbasioa gertatu zenean amorru batean egindako pieza bat da. Munduaren esfera berri bat da, petrolio esfera bat», globalizazioari eta munduko mapa berriari buruzkoa, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo