Urrezko Lehiaketa
Beteranoak eta gazteak uztartuta arituko dira Deban
Joxemari Olasagastik eta Ruben Saralegik Anjel Arrospideren eta Ugaitz Mugertzaren aurka neurtuko dituzte indarrak. A multzoko lehen saioa da.
Jon LEUNDA
Urrezko Aizkorako saioa izango da bihar, 12.00etatik aurrera Debako pilotalekuan. Bertan bi beterano handi bi gazterekin, etorkizun oparoa duten birekin, bikotean arituko dira.
A multzoko lehen norgehiagoka jokatuko da, eta alde batean Joxemari Olasagasti eta Ruben Saralegi izango dira, eta bestean, berriz, Anjel Arrospide eta Ugaitz Mugertza. Sei proba egin beharko dituzte, eta denetako denborak batu eta onena duen bikoak eramango du garaipena.
Saioa oso erakargarria da, gazteak eta beteranoak ikusteko aukera aparta. Olasagasti sasoi betean dago, Euskal Herriko txapela jantzi berri du, eta denbora bikaina eginda, gainera. Beste aldean, Anjel Arrospide. Leaburukoak jadanik ez du lehiaketa ofizialetan parte hartzen, baina bai torneoetan, eta Urrezko Aizkorako lana beretzat oso egokia da: lan laburrak, azkarrak eta zutikako enbor bat baino gehiago. Beteranoek eramango dute bikotearen zama, baina amaierako emaitzan oso garrantzitsua izango da gazteek ematen dieten laguntza. Saioan zehar Juanjoxe Agirregabiria ere arituko da, 50 kiloko txingekin, Santxok jarrita duen marka apurtu nahian. Azken horrek 1.008 metro egin zituen, eta hori gainditu nahi du Euskal Herriko txapeldunak.