Koparako postua bermatzen saiatuko da Bilbao Basket
Estudiantesen aurka ezin da akats berbera errepikatu
Joan den urteko maiatzaren 2an play offetan sailkatzeko aukerak galdu zituzten Katsikarisenek 73-78 galdu ondoren. Adi Caner-Medley-rekin.
BILBAO BASKET-ESTUDIANTES
Arnaitz GORRITI
Gizakia omen da harri berean birritan estropezu egiten duen animalia bakarra. Hala ere, hobe du Bizkaia Bilbao Basketek esaera hori beti ez dela betetzen frogatzea. Kopa jokatzeko sailkapenaren bila borroka latzean dabiltza bilbotarrak -baita Estudiantes ere-, eta galduko balute duela zazpi hilabete, iragan denboraldiko play offak jokatzeko borrokan egindako akats berbera errepikatuko lukete.
Joan den urteko maiatzaren 2-a zen, ACB Ligako 32. jardunaldia, sailkapeneko zortzigarren postuaren borrokan zirt edo zart egiteko eguna. Barakaldoko Bizkaia Arena pabilioian 9.000 zale baino gehiago bildu ziren beltzezko gizonen alde. Orduan ere Estudiantes aurkari zuzena zen, bat ere barkatzeko ez zegoena. Ez zen partida onegia atera, batez ere etxekoen aldetik, baina markagailuan madrildarren inguruan mantendu ziren. Hala ere, azken minutuetan Nik Caner-Medley -egia esan, estatubatuarra beti bikain aritzen da bizkaitarren aurrean- eta Oliverren saskiratzeek Estudiantesen alde desorekatu zuten neurketa. Ondorioz, Katsikarisenek telebistaz baino ezin izan zuten ikusi liga txapelketa lortzeko borroka eta, bide batez, Europako txapelketetatik at geratu ziren.
Averagea eta zaleen laguntza
Gaur arratsaldeko partidara begira, bi faktore alde izan ditzake talde bilbotarrak. Alde batetik, Miribillara hurbilduko diren zaleen laguntza eta, bestetik, Kopara begira, lortutako eta jasotako puntuen arteko averagea.
Zaleei dagokienez, Alex Mumbruk eskerrak eman nahi izan ditu astean. «Bartzelonaren aurka, betiko moduan, sekulako lana egin zuten. Partida galdu arren, sekulako presio egin zioten aurkariari. Eskerrak ematen dizkiedalarik zaleei, badakit Estudiantesen aurka ere gurekin izango ditugula. Basamortuko urak beste balio dute gure zaleek».
Averagea ere nahiko ona du Bilbao Basketek: 1.072 puntu alde eta 1.033 kontra. Hala ere, Mumbruk ez dio horri begiratu nahi. «Bi partida ditugu etxean eta bat kanpoan. Besterik begiratu gabe, irabazten saiatu behar dugu. Eta kito».
Kopara begira, zazpina garaipenekin bost talde berdindurik daude: Bilbao Basket, Kanaria Handia, Cajasol, Unicaja eta Gipuzkoa Basket. Aurreneko itzulia amaitzeko hiru partida falta direlarik, ez dago hutsik egiteko tarterik.
2004ko urrian, Badalonako Palau Olimpic-en lortu zuen Bilbao Basketek ACB ligan dagoenetik aurreneko garaipena. Gaur Estudiantesi irabaziz gero, ehungarrena lortuko lukete bizkaitarrek.