GARA > Idatzia > Ekonomia

EBko 18 herrialdetan gora egin du langabeziak urtebeteko tartean

Europar Batasuneko (EB) nahiz euroguneko ekonomiak hazten jarraitzen duen arren, langabezia tasak ez dio noranzko berari eusten. Hala, azaroan %10,1ean kokatu zen langabezia tasa EBn eta, %9,6an, eurogunean. Emakumeak eta gazteak dira kaltetuenak.

p022_f01.jpg

GARA

Langabezia tasak oso goian jarraitzen du bai Europar Batasunean (EB), baita eurogunean ere, 2010eko hirugarren hiruhilekoan bi eremuotako barne produktu gordina (BPG) suspertu egin bazen ere, atzo Eurostat Europar Batasuneko Estatistika Erakundeak argitaratu zituen datuen arabera.

Izan ere, joan den azaroan, moneta berbera duten herrialdeetan langabezia tasak biztanleria aktiboaren %10,1ean jarraitzen zuen eta, %9,6an, Europar Batasuneko 27 herrialdeetan. Ondorioz, enpleguaren inguruko datuek Europako ekonomiaren susperraldia islatu gabe jarraitzen dute. Hain justu, EBko BPG %0,5 hazi zen iazko hirugarren hiruhilekoan eta, %0,3, eurogunekoa. Aitzitik, Europar Batasunean 23,24 milioi langabe zeuden azaroan, horietako 15,92 milioi, euroguneko kideak.

Estatu espainola buru

Estatu espainolak langabezia tasa handiena izaten jarraitzen du. Azaroan %20,6ko tasarekin jarraitu zuen, aurreko hiru hilabeteetan bezala. Atzetik, Lituania (%19,3) eta Estonia (%18,2) agertzen dira. Azken bi estatuon datuak iazko hirugarren hiruhilekokoak dira. Beste aldean, Holandak %4,4ko langabezia tasa mantendu zuen azaroan, %4,8koa, Luxenburgok eta, %5,1ekoa, Austriak.

Europar Batasuneko ekonomia indartsuenak, berriz, Alemaniak, alegia, laugarrenez, %6,7ko langabezia tasa izan zuen azaroan. Estatu frantsesean hamarren bat egin zuen gora, %9,8raino.

Azken hamabi hilabeteak aintzat hartuta, 606.000 pertsona gehiago daude langabezian EB osoan eta, 347.000, eurogunean. Hala, Eurostatek jasotako datuen arabera, urtebetean 18 herrialdetan handitu egin zen langabe kopurua, hirutan berdin mantendu zen eta seitan behera egin zuen.

Urtetik urtera langabezia tasa jaitsiera handienak Finlandian (%8,8tik %7,9ra), Suedian (%8,7tik %7,8ra) eta Alemanian (%7,5etik %6,7ra) izan ziren. Igoera handienak, berriz, Lituanian (%14,3tik %18,3ra), Grezian (9,7tik %12,9ra) eta Bulgarian (%8,3tik %10,2ra).

Langabeziaren urtetik urterako gorakadak, gainera, emakumeei gizonezkoei baino gehiago eragin zien. Izan ere, 2009ko azaroa eta 2010eko azaroa artean gizonezkoen langabezia tasa hamarren bat hazi zen eurogunean, %9,9raino, eta berdin mantendu zen EBn, %9,6an hain zuzen ere. Emakumeen langabezia tasa, berriz, hiru hamarren hazi zen eurogunean, %10,3ra iristeraino, eta lau hamarren EBn, %9,6an kokatuz.

Era berean, 25 urtetik beherako gazteak izan dira guztien artean kaltetuenak. Eurogunean talde honen langabezia tasa %20,7an kokatu zen azaroan, eta apur bat gorago, %21ean, Europar Batasunean.

URTEBETEAN

2009ko azarotik 2010eko azarora 606.000 pertsona gelditu ziren lanik gabe EBn. Eurostaten datuen arabera, 18 herrialdetan handitu egin zen langabe kopurua, hirutan berdin mantendu zen eta seitan behera egin zuen.

Euroguneko BPG %0,3 hazi zen 2010eko uztailetik irailera

Euroguneko barne produktu gordina (BPG) %0,3 hazi zen 2010eko hirugarren hiruhilekoan, aurreikusitakoa baino hamarren bat gutxiago. Hala, azken datu hau 2009ko apirila eta ekaina bitartean izandako %1eko gorakada baino dezente txikiagoa da. Urtetik urtera, berriz, moneta bera duten herrialdeetako ekonomiaren jardueraren hazkundea %1,9koa izan zen.

Europar Batasun (EB) osoa aintzat hartuta, BPGk %0,5 egin zuen gora iazko hirugarren hiruhilekoan. Hala, aurreko hiruhilekoan baino, urteko bigarrenekoan beraz, hamarren bat gutxiago hazi zen ekonomia. Urtetik urtera, berriz, hamabi hilabetetan beraz, Europar Batasuneko jarduera %2,2 hazi zen.

Europar Batasuneko herrialdeen artean, BPGren hazkuntza handiena Suedian (%2,1), Luxenburgon (%1,5) eta Polonian (%1,3) gertatu zen iazko hirugarren hiruhilekoan. Beste aldean, ekonomiaren bilakaera ahulena Grezian izan zuten, ekonomia %1,3 uzkurtu baitzen, aurreikusitakoa baino bi hamarren gehiago. Jarraian, Errumaniako BPGk zazpi hamarren egin zuen behera. Estatu espainoleko ekonomia geldirik mantendu zen. GARA

GAZTEAK

25 urtetik beherako gazteen langabezia tasa %21ekoa da EBn eta, %20,7koa, eurogunean. Tasarik altuenak, Estatu espainolekoa (%43,6) eta Eslovakiakoa (%36,6) dira. Baxuenak Holandakoa (%8,4) eta Alemaniakoa (8,6).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo